“Gol bat gehiagogaz hamarrera helduko nintzateke; erretirorako kopuru polita dela uste dut "

Joseba Derteano 2018ko mai. 12a, 10:30

Bilbao Athleticen, Eibarren, Murtzian, Meridan, Alavesen eta beste hainbat taldetan jokatu du Roberto Cuevasek (Abadiño, 1981). Futboleko nomada izan da, Balmasedan egonkortasuna aurkitu duen arte. Sei urte daramatzan klubean jarriko dio amaiera bere ibilbideari asteburu honetan.

Asteburuan amaiera puntua jarriko diozu ibilbide luze bati. Horrelako kontuekin nostalgiko jartzen den horietakoa zara?
Nostalgiko ez dakit, baina, egia esan, halako tristura bat eragiten dit. Baina, tira, bizitzako beste etapa bat da eta oso erabaki meditatua. Behar den moduan amaitu gura dut eta familiari denbora gehiago eskaini gura diot. Nire bikoteak denbora asko darama nigaz, eta, sarritan, toki batetik bestera ibiltzea egokitu zaio. Beti babestu nau eta lagundu dit. Bada hori guztia itzultzeko unea. Urtebeteko alaba bat ere badut, eta horregaz guztiagaz gehiago gozatu gura dut orain.

Azkenengo urtea dela dakizunean, beste modu batera aurre egiten zaio  denboraldi horri?
Bai, partiduei beste modu batera aurre egiten diezu. Ni minutu guztiak gozatzen saiatu naiz. Gainera, gauzak ondo irteten ari zaizkit. Bederatzi gol daramatzat eta denboraldi ona egiten nabil.

Zer eskatzen diozu zure ibilbideko azken partiduari?
Zaleen aurrean gol bat sartuz eta partidua irabaziz amaitzea polita litzateke. Gol bat gehiago sartuta hamarrera helduko nintzateke, eta erretirorako kopuru polita dela uste dut. Azken batean, aho zapore on bategaz amaitu gura nuke.

Sei urte daramatzazu klubean. Zure ibilbide osoan falta izan zaizun egonkortasuna azken txanpan aurkitu duzu.
Balmasedara batu nintzenean, nire azkenengo taldea izango zela pentsatuz batu nintzen. Balmasedan bizi gara eta han egiten dut lan. Futbolean profesional izatea apur bat albo batera utzi nuenean, nire aldeko apustua egin zuten eta oso gustura egon naizen kluba izan da.

Futbolak ogibide izateari uzten dionean, desberdin dastatzen da?
Dudarik barik. Lehiakorra izan naiz betidanik, neu nintzen neure buruari presioa sartzen lehenengoa, baina, jakina, ez da berdina Bigarren Mailan edo Hirugarren Mailan aritzea eta, gainera, goian ibiltzeko derrigortasunik ez duen talde bategaz. Desberdina da.

Hasi zuten tokian amaitzea erabakitzen dute batzuek. Balmaseda Abadiñotik urrun geratzen da?
Abadiñon hasi nintzen eta gustatuko litzaidake han amaitzea, baina dudan adinagaz eta Balmasedan bizita… Konplikatua izango zen. Edozelan ere, iazko urte amaieran beteranoekin partidu bat jokatu nuen Abadiñon. Gallegoren oroimenezko partiduan izan zen.

Zelakoa izan zen berriro Astolako futbol-zelaia zapaltzea?
Polita. Nire aita da zelaiko belarra mozten duena. Klubeko presidentea ere izan zen sasoi batean. Abadiño klub familiarra da niretzat.

Talde askotan izan zara eta sekula ere ez urte bi baino gehiago. Uneren batean nekagarria egin zaizu futbola?
Egon naizen toki denetan gustura egon naiz, inogaz arazorik izan barik, eta taldeetatik modu onean irten naiz beti. Gustura eta harro nago izan dudan ibilbideagaz. Lortu dudan guztia neure lanari esker lortu dut, inork ez dit ezer erregalatu. Kontzientzia oso garbi dudala erretiratuko naiz.

Athleticen lehenengo taldeak konbokatu zintuen behin, baina ez zenuen debutatzeko aukerarik izan. Arantza hori geratu zaizu?
Bai, arantza txiki hori geratzen zait. "Gutxienez debutatu izan banu" eta antzerako pentsamenduak, baina futbola horrelakoa da: tren batzuk pasatzen dira eta beste batzuk ez. Nire paretik igaro diren denak aprobetxatzen saiatu naiz.

Abentura horretatik, zer gomuta geratuko zaizu betirako?
Toki askotan egindako lagunekin geratzen naiz. Madrilera banoa, badakit bost-sei telefonora lasai deitu dezakedala. Berdin Murtzian, Extremaduran… Horregaz geratzen naiz.

Traña-Matienakoa izanda, ibili zara San Prudentzio jaietan?
Urteak dira ezin izan naizela joan. Ea hurrengo urtean kuadrillagaz paella janera noan. Nire anaia eta bere kuadrilla txopoa jasotzen ibiltzen direnetakoak dira.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!