Denboraldi hasieran espero zenuten mailaz igotzea?
Egia esan, gure helburu nagusia inoiz ez da izan mailaz igotzea. Lagunartean ondo pasatzea eta futbolean jokatuz disfrutatzea izan ditugu beti helburu. Hala ere, egia da partiduak irabaztera joaten garela eta mailaz igotzea polita dela.
Partidu bi gelditzen zaizkizue jardunaldia amaitzeko, eta liga irabazteko aukera duzue. Nola ikusten duzu taldea?
Taldea ilusioagaz eta gogotsu dago. Hala ere, badakigu liga irabaztea zaila izango dela, sailkapen nagusian lehen postuan dagoen taldea indartsua da eta. Baina borrokatuta, dena da posible.
Zure ustez, zein da Abadiñoko Txopoa taldearen indargunea?
Denok lagunak garela. Taldekideok harreman bikaina dugu eta hori nabaritu egiten da kantxan. Bestalde, zaleak ere bikainak ditugu. Partidu guztietara etortzen dira, ez dute hutsik egiten eta hori gauza handia da guretzat.
Lehen, Elorrioko Buskantzan jokatzen zenuen. Baina, orain urte bi, Abadiñon taldea sortzea erabaki zenuen. Taldea sortu zenutenean, hirugarren denboraldirako Bizkaiko Goren Mailan jokatzen egongo zinetela uste zenuen?
Ez. Hasieran, bost lagun batu ginen bakarrik, eta taldea sortzea oso zaila izan zen. Garai hartan, askok ez genuen futbolean jokatzen jarraitzeko gogorik eta Abadiñoko Txopoa taldeak lagunartean ondo pasatzeko aukera ematen zigun. Orain urte bi Bizkaiko Goren Mailan egongo ginela esan balidate, ez nuen sinetsiko.
Denboraldia amaitzear duzue. Jarri zarete jada hurrengora begira?
Ez. Momentu honetan liga irabaztea dugu helburu eta horretan zentratuta gaude. Aurtengoa amaitu ostean, taldekideok batu eta dena pentsatzeko ordua izango da. Orain ez dakigu denok jarraituko dugun taldean edo norbaitek taldea uzteko asmoa duen.