Aurreko urteko Espainiako Itzulian toki berean amaitu zen etapa bat, ondo ezagutzen zituen azkenengo kilometroak eta bazekien zer egin behar zuen. “Etapa amaierari neurria hartuta nion. Bartzelonara heldu eta Montjuicerako igoerari ondo eutsi nion. Horrelako igoerak ondo pasatzen nituen. Esprinter batzuk atzean geratu ziren. Ondoren, azken zuzengunearen aurretik eskuma alderako bihurgune bat zegoen eta bihurgunera sartu aurretxoan jo nuen erasoa. Banekien erasoa zein unetan jo behar nuen eta ondo irten zitzaidan”, gogoratu du abadiñarrak. Bizikleta bateko aldea atera zien aurkariei. Argazkian, Elorriagaren eskumatara, Daniel Suarez Cuevas asturiarra eta Elorriagaren taldekide Eulalio Garcia ikusi daitezke, besteak beste. Begirada zorrotza duenak Txomin Perurena ere bereiziko du atzealdean.
Urte hartan Teka taldean zebilen Elorriaga. Espainiako Itzulia lehiatzeko moduko txirrindulariak zituzten, Eulalio Garcia eta Miguel Mari Lasa, esaterako. Eurei laguntzea zen Elorriagaren lana, baina etaparik etapa sortzen ziren aukerak aprobetxatzeko askatasuna ere bazuen eta horixe egin zuen Montjuiceko etapan.
1980an, bigarren etapa
Javier Elorriagak 157 podium eta 40 garaipen lortu zituen bere ibilbidean. Horietako bi Espainiako Itzulian izan ziren. 1980an lortu zuen bigarrena. Etapa kuriosoa izan zen. Hotz “ikaragarria” egiten zuen arren, Freedy Maertens eta bere taldekideak mahuka-hutsean ikusi zituen. Horregatik, hasieratik erasora irtengo zirela susmatu zuen. “Kendu berokiak”, esan zien Elorriagak taldekideei, bera ere mahuka-hutsean jarrita. Susmatu moduan, egurrean hasi ziren, aurrera egin zuten eta Elorriagak jarraitu ahal izan zien. Lasterketan zehar, mendate gain bat iragartzen zuen pankarta gainera jausi zitzaion haizearen ondorioz eta erori egin zen. Jaiki, eta lasterketan jarraitu zuen. Aurretik ihesi zihoana harrapatu, erasoa jo eta bakarrik egin zituen helmugaraino zeuden 60 kilometroak.