San Prudentzio jaiak

“Domekan gure talde guztietakoak dantzatuko dira, ume, gazte zein nagusi”

Jone Guenetxea 2018ko mai. 4a, 14:00

Ezustean jaso zuen saria Alicia Gallardok Traña-Matienan. Hasieran ez zuen ekitaldira joateko asmorik, baina De Norte a Surreko taldekideek azken momentuan parrandara batzeko konbentzitu zuten. Taldeak entseguetan dihardu, domekan, 17:30ean, Trañako plazan ikuskizuna taularatzeko.

Saria sorpresaz hartu zenuen ala bazenuen zerbaiten susmoa?
Sorpresa erabatekoa izan zen. 19:15ean Eskoriatzara heltzen nengoen [sari banaketa 20:00etan zen] eta taldekideek telefonoz deitu zidaten. “Zatoz agudo, taldekideok elkarregaz gaude eta”, esan zidaten. Eta bueltan sariarena gertatu zen. Ez nuen inondik inora espero.

Jai hauek bereziak izango dira?
Talde osoa oso pozik dago. Aspalditik genbiltzan esaten gure taldekide batek mereziko lukeela sari hau. Federiko Sanchez, esaterako, ekitaldi denetan dago jaietan, ez bakarrik gure elkartekoetan. Paella egunetan, bildots-janean, bizikleta txapelketan... Beraz, sari honen zatitxo bat Federentzat ere bada.

Donien Atxa jaso aurretik eman zizuten saria. Ikusmina zegoen, zugatik eta baita txopoagatik ere.
Bai, baina berehala igo zuten. Ez zuen emozio handirik izan, baina polita izan zen.

Jaietatik zer da gehien gustatzen zaizuna?
Niri goizetako giroa gustatzen zait. Adinak hori eskatzen dit (barrez). Esate baterako, paella eguna asko gozatzen dugu.  

Talde moduan, zelan hartuko duzue parte jaietan?
Jaien azken egunean, maiatzaren 6an, talde guztiak dantzatuko dira, ume, gazte zein nagusi. Koru rozieroak eta koadro flamenkoak abestuko dute.

Egun hauetan topera ibiliko zarete entseguekin.
Bai, eta kanpora joan ez garenok zubiko egunotan ere entseatu dugu, ahalik eta ondoen irten dadin.

Zer dantzatuko duzue domekan?
Gure taldeek sevillanak, runbak eta dantza kolonbiarrak taularatuko dituzte. Koadro flamenkoak Cadizko alegriak eta fandangoak egingo ditu. Koru rozieroak runbak eta sevillanak abestuko ditu. Eta Azahar taldeak runba flamenkoa egingo du.

Ikuskizun hau zelan prestatu duzue?
Urte osoa daramagu prestatzen. Normalean, Astolako erromeriarako izaten da, baina aurten jaietan estreinatuko dugu. Bestalde, dantza batzuk Bilbon estreinatu ditugu aurten, eta asko gustatzen zaizkigunez, jaietara ekarri gura izan ditugu.

Zelan entseatzen duzue?
Muntsaratzen lokala dugu, eta bertan biltzen gara. Martitzen, eguen eta barikuetan elkartzen gara. Ekitaldiren bat badugu, zapatu eta domeketan ere batzen gara.

Zenbat lagun zabiltzate De Norte a Sur taldean?
140 bat lagun, gehienak abadiñarrak eta durangarrak.

Noiz sortu zen taldea?
Orain 20 urte eskas, eta Fede eta biok hasieratik gabiltza lanean. Zortea dugu, denok gauza guztietan laguntzeko prest gaude eta.

Traña-Matienako jaiez gainera, beste hainbat ekitalditan parte hartzen duzue urtean zehar.
Andaluziaren Egunean Bilbora joaten gara urtero. Campos Eliseos antzokira joaten gara. Zortzi urte daramatzagu horretan. Bestalde, deitzen diguten lekuetara joaten gara. Oromiñoko jaietan egon ginen joan zen astean.

Dantzak direla-eta, asko bidaiatu duzue?
Kordoba, Cadiz, Galizia, Zamora, Jaen... leku askotan egon gara.

Hainbeste urtean, izango duzue anekdotarik.
Zer ez ote zaigu pasatu! Ikuskizun batean tarta bat erabiltzen genuen. Autobusean generaman eta pertsona bat gainean eseri zen, konturatu barik. Beste batean, Eibarko Coliseora joan ginen, eta musikari bati zapatak ahaztu zitzaizkion. Zapatillak zituen jantzita. Trajeagaz ez zen itxuroso geratzen, eta  Eibarko Musika Bandako kide batek bere zapatak utzi zizkion. Hark ortozik jo zuen.

Taldeak zein bilakaera izan du ia bi hamarkadatan?
Ezin gara kexatu. Beti dago jendea joan-etorrian, baina taldeak funtzionatzen jarraitzen du eta geroago eta hobeto dabil.

20 urte daramatzazu taldean lanean. Zer ematen dizu dantzak?
Taldea nire beste familia da, eurekin nire familiagaz baino denbora gehiago ematen dut eta. Urtebetetzeetarako, ezkontzetarako... elkarri laguntzen diogu denok. Nire bizitzan jende garrantzitsua da.

Zer esango zenioke taldera batzeko animatuta dagoen bati?
Dantzan zauden bitartean, arazoak ahaztu egiten dituzu. Gu entseguetara ikastera goaz, baina beti gozatuz. Jende asko ezagutzeko aukera duzu eta esango nioke dantzak asko batzen duela.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!