Maiatzaren 5erako programatu dute emanaldi interesgarrienetako bat: Muted, Basque Street Boys eta Eskupitajo etxeko taldeena. Gau berezi bat sortzeko asmoz igoko dira oholtzara rockzale horiek.
Muted taldearen bigarren etapa
Muted taldeak ibilbide oparoa egin zuen orain hamarkada bat, metalaren arloan. Orain zortzi urte utzi zuten taldea, kideen momentu hartako bizimoduak ez zielako ahalbidetzen taldeari eskaintzeko denborarik ateratzea. Baina, iaz, taldearen fama sentitu eta bigarren etapa bati ekitea erabaki zuten. Ekainean Durangoko Plateruenean eskainitako kontzertu bategaz berragertu ziren taula gainean.
Nostalgiatik tiraka
Muteden itzulerak badu zerbait nostalgiatik, argazki zahar bat partekatzeak piztu baitzuen taldekideen grina. Bada, zapatuko kontzertuko beste bi taldeek ere badute nostalgiatik; izan ere, punk eta rockaren bertsioak joko dituzte, besteak beste. Kontzertuak lantzean behin eskaintzen dituzten taldeak dira Basque Street Boys eta Eskupitajo, baina inguruko zale fidelak dituzte.