ETB1eko Txoriene saioko aurkezleak sukaldean ibiltzeko aholkuak eskainiko dizkie, eta jolasaren bidez garatuko dituzte errezetak, surik erabili barik. “Frutagaz egitea proposatu diet. Gurasook fruta emateko arazoekin ibiltzen gara beti, eta modu polit bat izan ahal da frutagaz marrazkiak egiten jolasteko eta jaten erakusteko”.
Helduekin ere bai
Umeentzako saioa amaitu ostean, helduentzako showcooking bat egingo du Iturrietak. Bere ustez, umeekin bezala, pertsona helduen artean ere sukaldaritza zabaltzeko beharrizana dago. “Eskoletan sukaldaritza gaiak sartuko nituzke. Ume bategaz azalorea egiten baduzu, gero gutxienez probatu egingo du. Baina, aparte, konturatu naiz jendeak etxean ez duela kozinatzen; hozkailutik mikrouhin aparatura eta kito. Euskal Herriko kulturaren parte izan da sukaldaritza, eta galtzen dabil”.
Janari bilketa
Ekitaldi horren bueltan, janari bilketa bat egingo dute Zaporeak proiektuari laguntzeko. Grezian errefuxiatuei jatekoa ematen lan egiten dute Zaporeak taldeko boluntarioek, eta Traña-Matienako txosnetakoek ekarpena egitea erabaki dute. Galtzen ez diren gauzak eramatea eskatu dute. Garbantzuak, babak, arroza, kontserbak.