San Prudentzio jaiak

“Txarrak gara, baina kontzertuak eskatzen dizkigute, dibertsioa sortzen dugun seinale”

Jone Guenetxea 2018ko api. 27a, 14:30

Baske Street Boys taldeagaz Matienako jaietan joko du Ekaitz Herrerak. Kazetari abadiñarra ETB1eko 'Herri Txiki Infernu Handi' programako zuzendariordea da.

Baske Street Boysek Matienako jaietan joko du. Urduri zaudete?
Bai, San Prudentzioetan jotzen dugun lehenengo aldia izango da.

Kontzertu gutxi ematen dituzue. Zein da taldearen planteamendua?
Taldearen planteamendua da... ez dugula planteamendurik. Musika talde bat baino gehiago, lagun talde bat gara. Ondo pasatzeko jotzen dugu, eta urtean kontzertu bat edo bi emanda nahikoa dugu. Ez dugu pretentsio musikalik. Onartzen dugu oso txarrak garela, baina jendeak kontzertuak eskatzen dizkigu, dibertsio apur bat sortzen dugun seinale. Orain hamar urte Motxoianean 'ganberrada' moduan hasi zena, ohitura bihurtu da.

Kontatzeko moduko 'ganberrada' bat izan zen?
Abadiñoko Gaztetxean talde batek jo zuen, eta gure artean oso txarrak zirela berba egiten hasi ginen. 'Hauek jotzen badute, guk zergatik ez?', pentsatu genuen. Beste talde batzuen bertsio batzuk jotzen ditugu, baina gure abesti propioren bat ere badugu, Trañakaña esate baterako.

Kontzertu txikietatik Matienako txosnagunerako jauzia emango duzue.
Etxean eta etxekoentzako kontzertua izango da. Matienako plaza handi geldituko zaigu ziurrenik, leku txikietan eta ilunpean jotzera ohituta gaudelako. Bat-batean soinu ekipo handi bategaz eta argiztapenagaz jotzea ezberdina da. Giro bildua sortu da Matienako plazan txosnen inguruan, eta gu jotzeko gogotsu gaude. Gainera, Eskupitajo eta Muted herriko taldeekin batera joko dugu.

Matienako jaietatik, zer da gehien gustatzen zaizuna?
Egunez sortzen den giroa oso gogoko dut, paella lehiaketakoa eta mozorro egunekoa, esaterako.  Gaua ere gogoko dut. Txosnak nire gune naturala diren arren, tabernak ere gustuko ditut. Txopoaren unea ere polita da.

Ezpatadantzari jardungo duzu?
Iluntzegaz urtero irteten gara jaietan. Geroz eta irteera gutxiago egiten ditugun arren, San Prudentzioetan ez dugu hutsik egiten.

'Herri Txiki Infernu Handi' programan diharduzu. Domekaro ikusten dugun freskotasunaren atzean, zelako lana dago?
Ikusten dena baino lan handiagoa dago programa bakoitzaren atzean. Ez naiz arma denak erakusten hasiko. Baina, erredakzio taldearen atzetik, gidoitik kanpo, Zuhaitzek eta Pagadik abilitate handia dute bazterrak nahasteko eta inprobisatzeko. Ezaugarri bi horiek uztartzea da helburua.

Herri bakoitzeko protagonistak aurkitzeko, informazio sarea duzue?
Hasteko, herri bakoitzeko udalagaz hartu-emanean jartzen gara. Gainera, frontoian edo beste eraikinen batean grabatu behar izaten dugunez, baimena eskatu beharra dago. Dei hori baliatzen dugu herriko jende jator eta dibertigarriaren kontaktuak eskatzeko. Beste kasu batzuetan, ezagunei ere galdetzen diegu.

Erritmo bizian grabatzen duzue programa. Egun bakarrean.
Oso gozo ikusten den programa bat da, baina bere lanketaren erritmoa oso bizia da.  

Apirilean Iurretara grabatzera etorri zinetenean eguraldi eskasa egin arren, grabazioa ez zenuten bertan behera utzi.
Ia 26 programa grabatuko ditugu 2017-2018 denboraldian, eta egun eguzkitsuak lauzpabost izango ziren. Aldiz, dozena batetik gora ura, behelainoa, lanbroa...denetarik izan dugu.

Durangaldean, zenbat herri bisitatu dituzue?
Atxondo, Zaldibar, Mallabia, Mañaria, Otxandio eta Iurreta bisitatu ditugu.

Daramazuen martxan, geroago eta herri txiki gutxiago geldituko zaizkizue grabatzeko.
Etorkizunean izan dezakegun arazoetako bat da. Gure formatuan, geroago eta herri txiki gutxiago gelditzen zaizkigu. Lau denboralditan 90 programara helduko gara.

Hamaika pasarte izango dituzue kontatzeko.
Araitz herrian, esate baterako, gasolindegi bateko langileagaz grabatzeko hitzordua jarri genuen. Genekien bakarra zen kazetaria zela eta asko irakurtzen zuela. Halako batean, gizon bat kotxean etorri zen eta gasolindegira heldu baino 20 metro lehenago gasoilik eta bateriarik barik gelditu zen. Laguntzera gindoazela, grabatzen jarraitu genuen. Beraz, sekula ez dakizu grabazioa nondik nora joango den.

Jende bitxia aurkitzen trebeak zaretela ezin da ukatu.
Grabatu dugu Iurretan, Izaban, Oionen... Euskal Herri osoan. Eta egiten dudan irakurketa da jendea bihotz onekoa dela. Zelako jende jatorra dagoen Euskal Herrian, bere etxeko ateak zabaltzen dizkizuna bere bizimodua eta ohiturak kontatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!