Horien artean, nabarmentzekoa da Gironako Olot-La Garrotxa herriko (Herrialde Katalanak) Aoapix kultur elkarteak eskainiko duen erakustaldia. Hango ohiturak berreskuratzeko asmoagaz sortu zen elkarte hau, 1988an, eta horretan lanean jardun dute azken 30 urteotan.
Marrans entzierroa eta correfoc-a
Herrialde Katalanetan tradizio handia duten ekitaldiak erakutsiko dituzte Aoapix elkarteko kideek, apirilaren 29an. Marrans edo aharien entzierroagaz hasiko dute eguna, 12:30ean. Goma-aparrez egindako ahari buruekin egingo dute entzierroa, Trañabarren etorbidean hasita. Traña plazaraino egingo dute entzierroa. Iluntze aldera, Olot-La Garrotxako produktuen dastaketa eskainiko du txerriaren eta bildotsaren laguna den Aoapix elkarteak. Traña plazan izango da hori, 20:00etan.
Gaua sartuta, Herrialde Katalanetan horren errotuta dagoen correfoc-a eskainiko dute. Deabruz mozorrotutako pertsona talde batek bengala eta suziriekin argiztatuko ditu kaleak, infernua irudikatu guran. Oloteko Els Diables de la Gradera taldeak Traña plazan eskainiko du su artifizialen ikuskizun berezi hau, 23:00etan. Orain sei urte ere izan ziren Matienan Els Diables de la Gradera taldekoak.
Ikuskizun horiekin batera, sanprudentzioetan urterik urte tradizio handia duten beste ekitaldi batzuk ere batu dituzte egitarauan. Geu Be elkarteak txahal errea eskainiko du maiatzaren 1ean, eta Iluntze dantza taldeak bere ikuskizuna eskainiko du maiatzaren 5ean. Hilaren 5erako utzi dituzte baita paella eta tortilla txapelketak ere.