Horrez gainera, Txosna Batzordeko jendeari eskerrak eman gura dizkiote. 2016ko urtarrilean elkartea jaio zenetik, hainbat ekitaldi egin dituzte Abadiñori beste bizitasun bat emateko, eta bestelako kontsumo eredu bat sustatzeko herritarren artean.Elkarteko kideak arduratuko dira 27ko pregoia irakurtzeaz eta txupina jaurtitzeaz. AMEko kide diren Mikel Petitegaz eta Oskar Elorriagagaz berba egiteko aukera izan du ANBOTOk.
Nola hartu duzue txupina jaurtitzeko eta pregoia irakurtzeko ardura?
Oskar Elorriaga: Eskertzekoa da. Horrek esan gura du jendeak baloratzen duela guk egiten dugun lana, eta baloratzen duela martxan jarri dugun elkartea bera ere.
Mikel Petite: Hori da. Elkarte nahiko berria garela kontuan hartuta, are balio gehiago du horrek. Txupina jaurtitzeko gutaz gogoratu izana gauza handia da gure elkartearentzat.
Pentsatu duzue txupina jaurti aurretik zer esango duzuen?
M.P.: Oraindik ez dugu pentsatu, baina Txosna Batzordeko jendeari eskerrak ematea izango da egingo dugun lehenbiziko gauza; txupina botatzeko aukera eskaintzea sekulakoa da guretzat. Hainbat lagun igoko gara oholtzara, elkartearen ordezkari legez.
2016ko urtarrilean jarri zenuten martxan elkartea. Zer nolako balorazioa egiten duzue?
M.P.: Balorazio positiboa. Pixkanaka bada ere, gauzak egiten gabiltza-eta. Hasierak gogorrak izaten dira beti, baina saiatzen gara ahalik eta lan txukunena egiten.
O.E.: Hasiera potente bat tokatu zitzaigun, baina bagabiltza lanean.
Zenbat kidek osatzen duzue elkartea gaur egun?
M.P.: Hogei merkatarik osatu genuen hasieran elkartea, eta egun 26k osatzen dugu. Beste merkatari batzuk sarritan etorri zaizkigu esaten elkartean izena emateko aukera aztertzen ari direla. Egia esateko, gauzak egin ahala, gero eta jende gehiago animatzen ari da gugaz beharra egitera.
Nola funtzionatzen duzue?
M.P.: Ez gara maiztasun finko bategaz batzartzen. Ideiak sortu ahala batzen gara, eta horiek eztabaidatzen ditugu. Hala ere, teknologiei esker errazagoa egiten zaigu gauzen berri ematea eta jendearengana heltzea.
O.E.: Momentuz, ez dugu dinamika finkorik. Gutxinaka-gutxinaka, baina aurrerapausoak ematen ari gara. Arazoak identifikatu, soluzioak proposatu, eztabaidatu eta konpondu.
Arazo diozuenean, zeri buruz zabiltzate?
O.E.: Erakundeen aldetik ez dago babesik komertzioentzat, hemen behintzat. Gure artean antolatzeko asmoagaz hasi ginen batzen, baita bestelako komertzio eredu bat gura dutenei hemen gaudela esateko ere.
Zelako ibilbidea egin duzue orain artean?
M.P: Iaz, data hauetan nahiko gauza egin genituen. Adibidez, barraketarako fitxak banatu genituen bezeroen artean, eta, horrez gainera, txaranga bat kontratatu genuen herriko kaleak girotzeko.
O.E.: Une honetan, formakuntza saioak ere egiten ari gara, udalagaz batera. Guztion artean ahalik eta zerbitzurik onena eskaintzea da asmoa, ahalik eta komertziorik erakargarriena. Egoera hobetzeko baliagarria izango da.
M.P: Gabonen bueltan, adibidez, zuhaitz bat ezarri genuen elkarteko denda bakoitzean. Komertzioa bera apaintzeaz gainera, herria ikusgarriago eta erakargarriago egoteko baliagarria da, baita ere. Beste poztasun bat ematen die herritarrei ere.
Eta aurten?
M.P: Telazko poltsa batzuk ateratzeko asmoa dugu. Gure irudia jende artean zabaltzeko baliagarria izango da.
Mezurik abadiñarrentzat jaietarako?
M.P: Komertzioak ere hemen gaudela, eta etortzeko gu bisitatzera.
O.E.: Hori, eta kanpokoak ere datozela Abadiñora, ondo pasatzera!