Eztabaida politikorako gune bilakatu, eta bestelako gizarte eredu bat lortu daitekeela erakusteko helburuagaz, Bizkaiko hainbat gaztetxe eta gazte asanbladek topaketak egingo dituzte asteburuan Abadiñon. “Aurretik Laudion, Oñatin eta Iruñean antzeko esperientziak izan dituzte, eta gu ere gogotsu gaude hemen horrelako zerbait egiteko”, azaldu du Beñat Gallastegi Abadiñoko gazte asanbladako kideak. Hiru egunean zehar, zenbait teoria politikori buruzko ikuspuntuak partekatuko dituzte bertan batuko diren gazteek. “100-150 bat gazte biltzea aurreikusten dugu”, gehitu du Aitor Bizkarra kideak. Eztabaidez gainera, ekintza praktikoak ere egongo dira; Bizkaiko gazteen, gaztetxeen eta asanbladen arteko sarea ere josi gura dute. Horrela, deialdiari atxikimendua adierazi diotenen artean, Elorrioko, Berrizko eta Abadiñoko gaztetxeak daude, adibidez.
Promakos, Erromatik
Langile elkartasuna eta borroka antifaxista jorratzen dituen Promakos italiarrek hitzaldia eskainiko dute. “Interesgarria iruditzen zaigu beste herrialdeetako errealitateak ezagutzea”, azaldu dute antolatzaileek.