Zazpi eguneko atzera kontaketa hasi da Donien Atxa igotzeko. Iazkoaren ostean, ausartuko zarete?
Iratxe Moreno: Bai, eta gogo handiagoagaz, gainera.Ilusio itzela dugu.
Amaia Munitxa: Ez dugu oso argi non egon ahal izango diren herritarrak animatzeko. Baina, bai!
Segurtasun neurriak areagotuko dituzte Donien Atxa igotzen den momentuan?
David Muñoz ‘Pete’: Bai. Esan digutenez, 21 metroko segurtasun perimetroa zehaztuko dute. Bestalde, gehienez 12 metroko Donien Atxa jartzea eskatu zigun udalak. Baina, hala izatekotan, ez genuela txoporik igoko azaldu genien batzar batean. Gutxienez 18 metro artekoa izatea eskatu genien. Gaur arte hori da dakiguna.
Josu Urriz: Trafikoa moztuko da, orain arte lez. Baina, bidegurutzearen inguruko barandetan ez dute utziko inor egoten. Espaloietan ezingo da inor jarri.
Nola ikusten dituzue segurtasun neurri hauek?
Iratxe: Segurtasunari dagokionez, ondo. Baina, egia esan, herritarrak gertu sentitu eta entzun gura ditugu txopoa igotzeko unean. Aurten ez dakigu nola izango den.
‘Pete’: Zalaparta sortuko delakoan nago.
Amaia: Jendea pilatu egingo da eta ezingo dute ekitaldia ondo ikusi. Baliteke hori ez izatea lekurik aproposena, baina hortxe egon da beti.
Josu: Segurtasun neurriak errespetatu egin behar dira, eta ikusleei ere askotan esan diegu apur bat aldentzeko, gertuegi daudelako. Donien Atxa altxatzen dugunok badakigu jausi egin daitekeela. Iaz gertatu zen, baina ez gugatik. Arketagaz egon zen arazoa. Baina ikusten dauden herritarrak ez dira arrisku horretaz jabetzen batzuetan. Gainera, ume asko egoten dira aurre-aurrean.
Inoiz ez du iazko oihartzunik izan Donien Atxa igotzeko ekitaldiak. Jausi egin zen eta zauritu arinak egon ziren. Nola bizi zenuten hura?
‘Pete’: Susto handiagaz. Baina zalaparta mediatikoa larregikoa izan zen. Euskal Telebista ez ezik, estatuko telebista-kanalak ere etorri ziren (Telecinco, Antena 3…) Ez dakit, larregi iruditzen zait.
Sergio: Susto itzela izan zen, bai. Baina, zorionez, ez zen ezer larririk gertatu. Bestelakoa ematen zuen.
Zer izan zen gertatu zena?
‘Pete’: Donien Atxa bere tokian sartzeko azken bultzada eman behar genuenean, zuloa zegoen arketa mugitu egin zen. Horregaz batera, sartu ahal izateko altxagarria ere mugitu egin zen eta txopoa ziba lez hasi zen bueltaka. Ez dago hori gelditzerik.
Josu: Soketan eskarmenturik ez izatea leporatu ziguten. Gezurra da hori. Egia da sokekin trebetasuna behar dela, baina, batez ere, zuloan sartzerako orduan ibili behar da kontuz. Gaztetasuna eta alkohola aipatu izan dira arazotzat. Jai-giroa izaten da eta trago batzuk jotzen diren arren, Donien Atxa altxatzen duen jendea ondo egoten da.. Behin gertatu zen eta harrezkero mugak jarri izan dira.
Hala ere, ez da jausten den lehenengo aldia.
Josu: Ez. Orain 8-10 urte ere jausi zen. Mutil bati hankara jausi eta orkatila hautsi zion. Donien Atxaren muturreko adarrekin ere min hartu izan du batek baino gehiagok.
Harritu egin zintuzten hartutako dimentsioak?
‘Pete’: Ikusle batek grabatutako bideoa oso azkar zabaldu izanak harritu ninduen. Gau hartan lanera joan behar izan nuen, eta lankide batek ordu erdira bazeukan irudia mugikorrean.
Iratxe: Bai, kanta bat ere sortu zuten gai horregaz. Bideo bat biral egin zen, eta horregaz abestia ere sotu zuten. Ranchera bat.
Amaia: Iazko sanprudentzioak hasi eta amaitu arte entzun zen kanta hori. Gau hortan bertan, Leonen (Espainian) dudan familiak idatzi zidan, Matienan zer gertatu zen galdezka.
Josu: Ezagun bati Venezuelako lagun batzuek bidali zioten bideoa; berak oraindik ez zeukan.
Hainbat kritika entzun ziren. Gazteegiak zinetela han zeundetenak, parranda bota zenutela...
Amaia: Donien Atxa igotzen dugunok boluntarioak gara. Egunean bertan ematen dugu izena. Batzuek aurretik mozten dute txopoa. Baina, horiez aparte, gura duenak hartu dezake parte. Hala ere, esperientziarik gehien dutenek esaten dute nola igo. Erantzukizuna euren gain hartu, eta besteak leku errazenetan jartzen dira. Hala ere, argi dago segurtasuna aregotu egin behar dela.
Iratxe: Bizi guztia daramagu Donien Atxa nola igotzen den ikusten. Ez da berdina ikustea eta jartzea, jakina, baina beti dago norbait atzean gidatzen zaituena. Hasieran, inork ez du esperientzia handirik, baina denboragaz ikasten dugu denok.
Josu: Belaunaldi aldaketa beharrezkoa da, eta uste dut bermatuta dagoela. Zeresan handia sortu zen iaz, baina jendeak gertatu zena ondo jakin barik egin zuen berba. Ez zen ondo azaldu gertatutakoa.
Josu, zuk daramatzazu urterik gehien. Noiz hasi zinen Donien Atxa altzatzeko ekitaldian parte hartzen?
Josu: Uste dut 14 bat urte izango nituela. Soldaduskara joan behar izan nuen urtea kenduta, hor egon naiz beti. Urte batzuetan ezin izan dut igo, osasuna dela-eta, eta erreleboa pasatu dut zelanbait. Baina, azkenean, beti sartzen naiz, laguntzera. Txopoa igotzea sentimendu bat da, Bilboko Marijaia lez.
Beharrezkoa da sanprudentzioetako Donien Atxa horren luzea izatea?
‘Pete’: Auzorako sarreretatik ikusiko den txopoa izan behar du. Gertatu zaigu ere, orain urte bi, enbor lodiegia izatea dagokion zuloan sartzeko. Moztu egin behar izan genuen, lau bat metro edo. Orduan ere, gero kalean entzun behar izan genuen: “A ze txopo ziztrina!”, “zotza ematen du”... Herritarrek ere tamaina bateko Donien Atxa eskatzen dute, altuera handia hartzen duena, ondo ikusiko dena.
Donien Atxa lekuz aldatzea ere planteatu zuten, iaz, udaltzainek. Nola ikusten duzue zuek?
Josu: Nik neuk ez dut hori begi onez ikusten. Gaur egun Nagusien Egoitza dagoen tokian jarri zenekoa dut gogoan. Nire ustez, Matienako gune nagusia orain txopoa jartzen den bidegurutze hori da.
Iratxe: Nik ere ez dut uste lekuz aldatu behar litzatekeenik.
‘Pete’: Donien Atxa urteetan jarri da hor. Segurtasun neurriak hartu behar dira, bai, baina ez dut ondo ikusten lekualdatzea.
Amaia: Leku enblematikoa da. Aldatuz gero, ez litzateke berdina izango.
Gutxi zarete Donien Atxa igotzera zoazten emakumeak. Neskak ez dira animatzen?
Iratxe: Lau bat urte dira Amaiak eta biok parte hartzen dugula. Iaz Amaia ezin izan zen etorri eta neska bakarra izan nintzen. Baina ez nintzen bakarrik sentitu. Jendeak asko lagundu zidan, eta animatu ere bai, neskok ere izan dezagun presentzia ekitaldian. Neskek nolabaiteko lotsa sentitzen dutela uste dut; baliteke beraien burua hor ez ikustea. Baina horrela hasten da. Parte hartzera animatu gura ditut. Gure aurretik ere parte hartu du neskaren batek.
Amaia: Hala da, bai. Iaz ezin izan nuen parte hartu, baina beti animatu gaituzte parte hartzera. Baina ez da beste neskarik animatzen. Lagunartean parte hartzen dugu guk.
Ikusten duzue jaiak hasteko beste moduren bat? Jendetza batzen da.
Iratxe: Ez, ezinezkoa da.
‘Pete’: Matienako ekitaldi berezia da, oso gurea.
Amaia: Txopoa igotzean hasten dira jaiak eta hori botatzean amaitu. Igota ez badago, ez dago jairik.
Josu: Berez ekitaldi oso sinplea da. Ez du aparteko ezer. Baina jenderik gehien batzen duena da. Bai igotzerakoan bai botatzerakoan, jende piloa batzen da bertan.