“Indarra odolean daramat, berezkoa dut, eta nire dohain handienetarikoa da”

Maialen Zuazubiskar 2018ko api. 15a, 10:30

Gaztetan piztu zitzaion herri kiroletarako afizioa Eloi Salterain abadiñarrari. Harrezkero, herri kirolen munduan murgilduta dabil. Orain hilabete inguru, esaterako, hirugarren postua eskuratu zuen Euskadiko txinga eroate txapelketan.

Bakion martxoaren 17an jokatutako Euskadiko txinga eroate txapelketan hirugarren postua lortu zenuen. Pozik lortutakoagaz?
Egia esan, bai. Txingak eramaten inoiz lortu dudan posturik onena lortu dut, eta hori gutxi balitz, nire marka ondu dut. Orain arte, nire errekorra 10 untzatan neukan. Bakion, ostera, 13 untza 6 metro eta 40 zentimetro egitea lortu nuen.

Prestaketa berezirik egin duzu aurtengo txapelketarako?
Prestaketa berezirik ez, baina prestatu egin naiz. Adin bat ere badut, eta erronka baten aurretik apur bat entrenatzea ezinbestekoa da. Hala ere, nik jaramon egiten diot gorputzari, eta entrenamenduetan gustura sentitzen ez banaiz, moldatu egiten dut prestaketa.

Txapelketa hauetan irabaztea izaten duzu helburu?
Ez. Afizioa dudalako nabil herri kirolen munduan, eta ondo pasatzea, disfrutatzea eta sasoian egotea dut helburu. Gaur egun ez dut gaztetan nuen irabazteko grina hori. Hala ere, egia da lana egin eta podiumean amaitzea lortzen dudanean poztu egiten naizela.

50 kiloko txingak esku banatan hartuta ibiltzen zarete. Indarra ala teknika, zer da garrantzitsuagoa?
Biak dira beharrezkoak. 100 kilo mugitzeko, indarra ezinbestekoa da, baina baita eskuak ondo jartzea eta gorputza postura egokian izatea ere, txinga horiek eramateko.

Probalekua izaten duzu entrenatzeko lekua. Hala ere, korrika ere egiten duzu, erresistentzia lantzeko.
Sasoian egoteko ezinbestekoa da korrika egitea. Txapelketaren bat izaten dudanean, astean hiru bider irteten naiz korrika egitera. Horrek pisua jaisten laguntzen dit. Horrez gain, probalekuan ere sarri ibiltzen naiz, probak prestatzen. Hainbat ordu pasatzen ditut bertan.

Txingak eramateaz gain, gizon probetan, zakua eramaten eta orga-jokoan ere ibiltzen zara.
Herri kirolak gogoko ditut eta, batez ere, indarragaz lotuta daudenak. Herri kirol bakoitzean, pisu ezberdinak altxatu edo garraiatu behar izaten ditut. Zakuak, adibidez, 80 kilo pisatzen du, txingek 100 kilo eta orgak 200 kilo baino gehiago. Harriaren pisua, berriz, itzela da.

Indarra zure dohainetako bat da, ala urteen poderioz lortzen joan zaren zerbait da?
Indarra odolean daramat, berezkoa dut, eta nire dohain handienetakoa da. Gurean ama ere oso indartsua da, eta senean daramat.

Noiztik zabiltza herri kiroletan?
1991n sokatiran hasi nintzen Abadiñon. Garai hartan, Juantxi Sarasketa durangarra etortzen zen probalekura, gizon probetan entrenatzera, eta berari esker horretan hasi nintzen. Apurka-apurka zenbait modalitate probatzen joan nintzen .

1997an, ostera, herri kirol guztiak utzi zenituen.
Eten bat egin behar nuela iruditu, eta  dena utzi nuen. Baina ezin izan nintzen denbora askoan geldirik egon eta 2011n berriro hastea erabaki nuen. Herri kirolen mundura itzuli ostean, 2013an zakua eramaten Bizkaiko Txapeldun gelditzea lortu nuen.

Hainbat modalitatetan aritu zara. Baduzu beste herri kirolen bat probatzeko gogorik?
Dudan adina kontuan hartuta, uste dut ez dela unea beste kirol bat probatzeko. Hala ere, aizkora probatu ez izanaren pena dut. Daukadan indarragaz aizkoran ondo ibiliko nintzelakoan nago, baina hori jakiteko unea pasatu da dagoeneko.

Abadiñoko sokatira taldeko sortzaileetako bat ere bazara.
1991ko irailaren 2an, San Antolin jaietan sokatira txapelketa bat antolatzea erabaki genuen anaiak eta biok. Txapelketa oso ondo irten zen, eta Abadiñoko pijama egunean berriz ere egitea erabaki zen. Herrian giro oso polita sortu zen, eta jendeak eskatu ostean sokatira taldea sortzea erabaki genuen.

Ordutik, sokatira taldean zabiltza.
Halaxe da. Abadiñoko lagun talde batek Luis Irazola eta Lasuen enpresaren laguntzagaz taldea sortzea erabaki genuen, eta ordutik hainbat gabiltza. Lorentzo Irazola, Mikel Lasuen, Txabi Ardanza, Edu Mendizabal eta bostok, esaterako, talde honetako sortzaileetako batzuk gara.
Aurten arte beti ibili izan zara sokatiran. Baina denboraldi honetan teknikari eta botilero lanak egin dituzu.
Sokatiran aritzeak ondo prestatzea eskatzen du. Hau da, entrenamendu guztietara joan behar da taldeagaz entrenatzeko. Horrek denbora asko eskatzen du eta Eduk botilero lanak egin nitzakeela esan zidan. Onartzea erabaki nuen. Aurtengo denboraldian horretan ibili naiz.

Sokan berriro jartzeko gogorik izan duzu?
Bai, izan dut, eta datorren denboraldirako berriro entrenatzen hasiko naiz. Horrek aktibo egoten laguntzen dit. Gainera, taldean dagoen giro onak bizia ematen dit.

Txapelketa batera joaten zarenean, edo sokatiran berriro hasteko asmoa duzula esatean, etxekoek zer esaten dizute?
Gaztetan gurasoek kontuz ibiltzeko eta minik hartu barik ibiltzeko esaten zidaten. Gaur egun, ostera, emazteak jendearen aurrean barregarri ez gelditzeko esaten dit.

Berriro ere sokatiran hasteko asmoa baduzu, eta txinga eroaten zure marka guztiak hausten bazabiltza, imajinatzen dut ez duzula erretiratzeko asmorik izango.
Oraingoz, ez, momentu honetan gustura nabil-eta. Gainera, kirola eginez nire gorputza aktibatuta eta osasuntsu edukitzeko aukera dut. Beraz, ez dut oraindik erretiratzeko asmorik. Hala ere, lehen esan bezala, nik gorputzari egiten diot jaramon, eta gorputzak nahikoa dela esaten didanean, kirola utzi egingo dut eta kito! Inongo arazorik barik.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!