Oihana Azkorbebeitiak Trail de las Pastoras de Portudera lasterketa irabazi du

Anboto 2018ko api. 8a, 08:57

Abadiñoko korrikalariak selekziokidea den Jokin Lizeagari eskaini dio garaipena. Lizeagak istripu larria izan du lasterketan.

Atzo, apirilak 7, mendiko lasterketa bi jokatu ziren Arenas de Cabrales (Asturias) herrian, Europako Mendien bihotzean: maratoia (42 kilometro) eta traila (26 kilometro). Trail lasterketan Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarra nagusitu zen. Maratoian Silvia Trigueros korrikalari abadiñarrak laugarren postua eskuratu zuen.

Pastoras de Portudera probak garai bateko emakume artzainen omenez egiten diren lasterketak dira. Portudera mendilerroan emakume artzainek aspaldi erabiltzen zituzten bide tradizionalak berreskuratzeko asmoz jaio ziren proba biak, eta desnibel metatu ikaragarria dute: 8.500 metroko desnibela maratoiak eta 4.800ekoa trailak. "Profilari begiratuta, ezagun du proba gogorra dela. Eta maratoia zer esanik ez! Gainera, oso teknikoa da, jaitsiera oso arriskutsuak dituena, eta helmugara minik hartu barik ailegatzea da garrantzitsuena. Zelan ibiliko ote ziren garai bateko emakume artzainak paraje hauetan!", adierazi du Azkorbebeitiak.

Maratoian Jokin Lizeaga euskal selekzioko korrikalari urnietarrak istripu larria izan du. Alde handiagaz lehelengo zihoala, elur tarte batean hogeitaka metroko zulo batean jausi da eta sorbalda hautsi du. Oihuka batean ibili arren, inor ez da istripuaz konturatu berandu arte, eta ordu bi baino gehiago eman ditu zulo barruan, irten ezinda, hipotermiak jota. Azkenean, erreskate taldekoek zulotik atera, eta helikopteroan ebakuatu dute. Onik dago, baina ospitalean oraindik. "Lasterketan nindoala zerbait gertatu dela entzun dut, baina helmugaratu ostean izan dut istripuaren berri. Jokinek une benetan latza bizi izan du, bere bizia ere arriskuan ikusi du, eta animorik handiena bidali gura diet berari eta bere familiari. Gaurko garaipena berari eskaini gura diot, jakina", esan du korrikalari abadiñarrak.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!