Abadiño Xake Taldeak ezin izan dio Ohorezko Mailari eutsi

Joseba Derteano 2018ko mar. 12a, 12:38
Abadiño Xake Taldeko taldeen aurtengo familia argazkia.

Xakelari profesionalez gero eta beteago dagoen ligatik jaitsi egin dira. Hala ere, Durangaldeko erreferente nagusia izaten jarraituko dute Euskadi mailako Lehenengo Mailan.

Abadiño Xake Taldeak hiru urte zeramatzan Euskal Ligako Ohorezko Mailan. Aurreko urte bietan Euskadiko mailarik gorenari eustea lortu dute, baina aurten amore eman behar izan dute aurkarien taldeetan gero eta xakelari profesional gehiago dagoelako. Horrekin batera, Ieray Galtzagorri abadiñarrak taldea utzi du aurten eta hori ere igarri dute. Talde nagusiko xakelari garrantzitsuenetakoa zen. Hurrengo denboraldian Euskal Ligako Lehenengo Mailan arituko dira.

Albiste on bat ere utzi du aurtengo denboraldiak. Bizkaiko Hirugarren Mailan zituen bi taldeetako bat igo egin da. Ondorioz, hurrengo denboraldian maila bakoitzean —Bizkaiko denetan eta Euskal Ligako Lehen Mailan—  talde bat izango du Abadiño Xake Taldeak. “Hainbat urte genbiltzan lorpen horren atzetik”, adierazi du xake taldeko arduradun Alberto Delgadok.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!