Jadanik, 350 sinaduratik gora bildu dituzte, eta Aste Santuko oporren aurretik hauek udaletxean entregatzeko asmoa dute. “Zelaieta oinezkoentzat egokitzeko obrak direla-eta, ume eta gurasoentzat aterpeak egiteko aukera kontuan hartzea gura dugu”, adierazi du Amaia Lasuen guraso taldeko kideak. Hala ere, hutsunea Abadiño osoan dagoela nabarmendu gura izan du Ane Etxeandia kideak ere, ez Zelaietan bakarrik.
Ludotekak, adibide moduan
“Elorrion, Elgoibarren eta Zornotzan ludotekak daude, eta horrelako zeozer Abadiñon egotea posible eta beharrezko ikusten dugu”, gehitu du Etxeandiak. Izan ere, herriko ume kopurua ez dator eskaintzagaz bat, guraso talde honen ustetan. “Eskaintza kulturala ona da, baina ez da nahikoa; ume eta gurasoen erantzuna itzela izaten da, eta, edukiera kontuengatik, sarri areto kanpoan geratzen dira asko”, dio Lasuenek.