“Finalera iristen diren bikoteek partidu on bat egitea da garrantzitsuena”

Maialen Zuazubiskar 2018ko mar. 9a, 14:45

Txikitan esku pilotan jokatzen zuen arren, hamabi bat urtegaz eskuz jokatzeari utzi eta palan hasi zen Ainhoa Urien. Joan zen asteburuan, Emakumeen Master Cup txapelketako finalerdietarako txartela eskuratu zuen.

Emakumeen Master Cup txapelketako promozio mailako finalerdietara sailkatu zara Amaia Vicario bikotekideagaz. Nolakoa izan da sailkatze fasea?
Egia esan, lehenengo partiduak nahiko erraz irabazi genituen, baina asteburuan jokatutako partidua nahiko gogorra izan zen.

Txapelketa hasi zenean, espero zenuen finalerdietara heltzea?
Amaiak eta biok finalerdietara heltzea jarri genuen helburu, eta hori, behintzat, lortu dugu.

Orduan, orain beste helburu bat jarri beharko duzue?
Horrela da, bai. Orain gure asmoa ahalik eta urrunen heltzea da. Egia esan, lehen momentutik presio askorik barik jokatu dugu, eta hori abantaila izan dugu eta izango dugu.

Txapelketa irabazteko faborito argirik ikusten duzu?
Egia esan, lau bikoteok irabazi dezakegu, eta irabazten duenak irabazten duela, asko poztuko naiz. Argi dago dena emango dugula geuk irabazteko, baina finalera iristen diren bikoteek partidu on bat egitea da garrantzitsuena nire ustez.

Zergatik diozu hori?
Gizonezkoen partiduak beti ematen dituztelako, eta partidu txar bat jokatzen dutenean inork ez du ezer esaten. Emakumezkoen partiduak, berriz, oso gutxitan ematen dituzte, eta partidu eskasa jokatuz gero, denek hitz egingo dute horretaz.

Txapelketan Amaia Vicario donostiarra duzu bikotekide. Lehenengoz jokatzen duzue elkarregaz?
Ez. Aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta palan ere maiz jokatu dugu elkarregaz. Gainera, batera entrenatzen gara, eta hori aldeko dugu. Oso ondo ezagutzen dugu elkar, eta frontoian ezinbestekoa da hori.

Txikitan esku pilotan jokatzen zenuen; ostean, palan, eta orain bietan. Zer dela-eta erabaki duzu berriro esku pilotan hastea?
Umetan eskuz aritzen nintzen beti, baina hamabi bat urtegaz palan jokatzen hasi nintzen, neska gehientsuenak bezala. Maila horietan, mutilekin jokatu behar izaten genuen, eta hor asko nabaritzen da indar diferentzia. Beraz, palan hastea erabaki nuen. Duela bi urte, berriz, berriro eskuz jokatzen hastea erabaki nuen, eta txapelketa honek itzultzeko aukera eman dit.

Emakume pilotarien egungo egoera zelakoa da?
Jende askok ez daki emakumeok pilotan jokatzen dugunik ere. Askotan entrenatzera joan, eta lau neska pilotan ikusten gaituztenean harrituta begiratzen digute. Bestalde, profesionaltasunik ez dagoela uste dut. Hala ere, esan beharra dago Gipuzkoa aldean nahikotxo bultzatzen dituztela bai pala eta baita esku pilota ere.

Gaur, Añorgan, zure bi afizio uztartuko dituzu: bertsoa eta pilota.
Hala da. Amaia Vicario bikotekide dudala, Izarne Oiarzabalen eta Eneritz Arrietaren aurka jokatuko dut, eta botileroek bertsoz emango dizkigute aholkuak. Gogotsu nago partidurako, gehien bat zer den ikustearren. Inoiz ez naiz horrelako partidu batean izan eta jai-giroko zerbait dela uste dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!