Trenbideko obrak Aste Santu ostean hastea espero du Abadiñoko Udalak

Aritz Maldonado 2018ko mar. 6a, 10:30

Matienako trenbide zaharreko espazioa atontzeko obrak ez dira hasi oraindik. Jose Luis Navarro alkatearen arabera, “laster” hasiko dira; Eusko Trenbide Sareko iturrien arabera, “litekeena da” lanak Aste Santuko oporren ostean hastea. Izan ere, arazo bat egon da zerbitzuetako bategaz. Hala ere, ETSko iturrien arabera, arazoa txikia da eta “denbora kontua” izango da konpontzea.

Obrak 2017a amaitu aurretik ziren hastekoak, baina oraindik hasi barik daude. Behar horiekin batera, 120 auto hartuko dituen aparkalekua egingo dute geltokiaren alboan. Zerbitzua auzokideentzat, trenaren erabiltzaileentzat eta eskolara zein lanera doazenentzat pentsatuta dago. Udalak 120.000 euro bideratuko ditu proiektura.

Industrialdeen erregulazioa
Otsaileko plenoan, bestalde, Udal Arau Subisidiarioen Aldaketa Puntualak onartu zituzten. Aldaketa hauek industrialdeei eragiten diete. Besteak beste, industrialdeko eraikinek %50eko altuera gehitu ahalko dute (10metrotik 15metrora eta 12tik 18ra). Bestetik, Muntsaratz auzoan biribilgune bat egitea ekarriko du aldaketak. Gobernu Taldearen (AI eta EAJ) aldeko botoekin onartu zituzten aldaketak. Oposizioak (EH Bildu), ostera, aurka bozkatu zuen. Koalizio abertzalearen berbetan, ez da neurtu aldaketak industrialdeetatik hurbil dauden bizilagunen etxeetan izan dezakeen eragina; biribilgunea egin aurretik, azterketak egitea ere eskatu du EH Bilduk.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!