“Gaur egun interneten erosten dute gazteek, eta horrek min handia egin du”

Aitziber Basauri 2018ko mar. 4a, 20:00

San Blas egunean 80 urte bete zituen Nieves Ibarra Luzarrek (Berriz, 1938). Urte batzuk dira jubilatzeko ordua heldu zitzaiola, baina ez du horretarako ez beharrik ez gogorik sentitu. Duela 47 urte zabaldu zuen ‘Novedades Matiena’ denda Abadiñon, eta bertan ematen du eguna. Hiru herri dituela dio. Izan ere, udalez Berriz eta elizaz Zaldibar den San Migel auzoan bizi da. Hainbat belaunaldi igaro dira Nievesen dendatik.

80 urte beteta, ez duzu jubilatzeko asmorik?
Jubilatu beharko naiz bai, baina... ez dut gogorik. Orain asko ez dela esan nion senarrari: “Denda ixtea pentsatzen hasi beharko dut ba!”.  Halakorik esaten nuela lehenengo aldia zela-eta, zorionak eman zizkidan. Gustura egoten naiz ni dendan.

Zer da denda zuretzat?
Ez dakit esaten! Pozik egoten naiz jendeagaz. Hainbeste urtean, ezagutu egiten duzu jendea, ezagunak ditut bezeroak, lagunak ere bai, ia etxekoa sentitzen naiz askorentzat. Edozer gauza gertatuta ere, arduratu egiten dira: zerbaitetan barrura sartu eta denboratxo bat egiten badut, segituan entzuten du norbait galdezka: “Nieves, zerbait pasatu zaizu ala?” Etxekoak lez. Lanera pozik etortzen naiz. Igerilekura ere joaten naiz, egunero; gogoa izanez gero, denetara heldu daiteke.

Zabalik dagoen Matienako dendarik zaharrenetarikoa izango da ‘Novedades Matiena’.
Baliteke, ez dakit. Trañaetxoste kalean zabaldu nuen lehenengo denda, oraindik asfaltatu gabe zegoela kale hori. Hala ere, lokala txikia zen eta han 20 urte egin eta gero, orain nagoen tokira aldatu nuen denda. Lehenengoz denda zabaldu nuen tokian, beste arropa denda bat, eta fruta denda egon ziren.

Mertzeria, arropa denda... zer topatu daiteke hemen? Nobedade guztiak aurkitu genitzake?
Ia dena! Denetarik dut dendan; kremailerak, barruko arropa, ilerako gauzak, kalerako jantziak…Nobedadeak? Bai! Ahal dena!

Batzuek diote beste inon aurkitzen ez dutena topatzen dutela zurean.
Esan izan didate, bai. Mertzeria eta arropak saltzen ditut batez ere.

Beti saldu duzu berdina?
Igual orain arropa gehiago saltzen dut. Lehenengo urteetan oinetakoak ere saltzen nituen; denbora gutxian, ez nuen denetarako tokirik eta. Umeen arropa ere saldu nuen urte batzuetan: lehen errazagoa zen saltzea. Marka gutxiago zeuden, eta marka bakarrak andra, gizon eta umeentzako erropak eskaintzen zituen. Orain aukera askoz handiagoa da.

Ez da erraza izango horrenbeste urtean denda zabalik mantentzea...
Egunean egunekoa izan da niretzat. Bezeroek badakite noiz dudan denda itxita, eta sasoi onak eta txarrak egoten dira. Ikasita dugu hori. Hala ere, lehen errazagoa zen saltzea; gaur egun interneten erosten dute gazteek, eta horrek min handia egin du. Dena den, ezin naiz kexatu, betikoa naiz eta denda mantentzeko ematen dit… ez da denda berria zabaltzea lez. Ezagutzen zaituzte, eta halako konfiantza bat dute.

Nolako bezeroak dituzu?
Jende jatorra dut bezero moduan; oso pozik nago. Gizonen bat ere etortzen da, baina, batez ere, andra nagusiak datoz. Hala ere, horiek seme-alabei ere lagundu behar diete askotan, eta poltsikoak ez du denetarako ematen. Gazte gutxi etortzen da; mertzeriagaz lotutako gauzen bila datoz.

Erosteko moduak aldatu egin dira?
Lehen alegrantzia gehiagogaz erosten zen; dirurik ez zeukatenean, hurrengo batean ordaintzen zuten. Norbaitek kale egingo zuen, baina, orokorrean, ordaintzen zuten. Orain saltoki handietan denetarik dugu eskura. Ohiturak desberdinak dira gaur egun.

Pasarterik baduzu?
Aurreko batean, aspaldi ikusi barik nuen bezero bat etorri zen dendara, eskerrak ematera. Extremadurakoa da bera, jaioterrira bueltatutakoa. Bisitan etorri zitzaidan eta nitaz asko gogoratzen zela esan zidan: “Zenbat lagundu zenigun, Nieves;  batzuetan diruagaz eta besteetan diru barik ere ematen zenigun”, esan zidan. Ez nintzen gogoratzen, baina harek emandako besarkadak eta musuek, halako sentimenduaz esandakoek, emozionatu egin ninduten. Orduan ez zegoen diru askorik; lauzpabost seme-alaba zituzten askok, eta soldata bakarra.

Ez zara saltzeaz nekatu?
Ez! Gehiago ez saltzeaz, igual. Ez naiz dendaz nekatu. Duela urte batzuk igeltsuagaz ere egon nintzen dendan. Peronea hautsi nuen eta hilabete izan nuen itxita. Hala ere, ostean, traumatologoak baimenduta, denda zabaldu nuen; 15 egun gehiago egin nituen igeltsuagaz. Eskailera igotzeko ere ondo moldatzen nintzen.

Aitak animatu zintuen denda jartzera. Berak lagundu zizun?
Zazpi neba-arreba ginen, bost mutilak. Mutilek ikasteko aukera zuten, baina neskok amari lagundu behar genion, edo jostun jardun. Maistrak esan zion aitari ea zergatik ez ninduen magisteritza ikastera bidaltzen, baina amari nork lagunduko zion zen aitaren ardura. Denda jartzen animatu, eta lagundu egin zidan. Bera Areetako jangai denda batean ibilia zen lanean, 16 bat urtegaz, eta lana gustatu zitzaion.

Testigua hartuko duenik baduzu?
Erraina ibili zen nigaz, pare bat urte, baina gero denda zabaldu zuen Berrizen. Lobak, berriz, ikasten dabiltza. Badago bat nahiko bizkorra baina... ez dut erreleborik ikusten.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!