“Orain arte egindako lanak Munduko Txapelketan emaitza onak ematea espero dut”

Maialen Zuazubiskar 2018ko ots. 17a, 12:00

Azken urteotan belodromoan zentratuta dabil Illart Zuazubiskar, eta pistako Espainiako Kopan brontzezko domina eskuratu berri du.

Hiru jardunalditik bakarrean parte hartuta, podiumean bukatu duzu Espainiko Kopa. Espero al zenuen?
Egia esan, ez. Espainiako Txapelketa eta Kopa zirenez, Galapagarren (Madril) parte hartzea erabaki nuen, eta bertako jardunaldia irabazi nuen arren, beste bi lasterketetara ez naizenez joan ez nuen espero podiumean amaitzea.

Otsail amaieran pistako Munduko Txapelketan izango zara. Ze helburugaz zoaz Holandara?
Holandan taldekako jazarpenean lan txukuna egitea gustatuko litzaidake. Aurten ez ditugu esperotako emaitzak lortu, eta arantza hori kendu eta lehenengo hamabietan bukatzea polita litzateke. Gainera, maila onean nagoela uste dut, asteburuan Essor Basque lasterketan oso indartsu sentitu nintzen eta. Beraz, Munduko Txapelketan orain arte egindako lanak emaitza onak ematea espero dut.

Zeintzuk dira zure hurrengo erronkak?
Munduko Txapelketaren ostean, atsedenaldi bat hartu eta abuztuan jokatuko den pistako Europako Txapelketa buru-belarri prestatu gura nuke. Gainera, hortik aurrera, Olinpiar Jokoetarako puntuak emango dituzte lasterketek, eta horiek lortzea ere izango da nire asmoa. Bestalde, denboraldi berrian iraupeneko probetan aurrerapauso bat ematea gura nuke.

Nolakoa da pistako txirrindularien egungo egoera?
Eskasa. Euskal Herrian pistako txirrindularioi ez digute errepidean maila gorenean aritzeko aukerarik ematen, eta hori guretzat ezinbestekoa da gure mailarik onena emateko. Gainera, askok ez dute ulertzen urte guztirako ogia Europako eta Munduko Txapelketan lortu behar izaten dugula, eta, afizonatu mailan, soldatarik gabe arituta ezinezkoa da gura genukeen guztia arriskatzea. Hori aldatzen ez den bitartean, pistaren egoera ez da hobetuko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!