Elurrari buruz berba asko egiten ari gara aurten. Traktoreagaz lan handia izan duzu?
Hemen ez du elur askorik egin. Elurra kentzen baino, gatza botatzen ibili gara, izotza prebenitzeko.
Abadiñon, zein gunetan diharduzu elurra kentzen?
Bide bazterreko garbiketak egiten dituen enpresak elurra ere kentzen du herrian. Sarritan, baina, elurra egiten duenean, alde guztietan egiten du, eta ez dira leku guztietara heltzen. Horregatik eskaini zidaten zonalde batzuetan elurra kentzeaz neu arduratzea. Gaztelua, Irazola, Muntsarazko kale bat, Gorabiderako bidea eta Ostendi baserrirako bidea Gerediagan. Aurten, gehien bat, gatza botatzen ibili gara.
Lan honetan zerura begira bizi beharko duzue. Beti prest egon beharko duzu.
Lan honetan, irteteko moduan egon behar duzu beti. Adibidez, niri eskiatzea gustatzen zait, baina ezin dut edonoiz bidaiatu. Joan behar dudanean ziurtatu egin behar dut hemen denbora ona egingo duela.
Edozein momentutan dei zaitzakete lanerako?
Bai. Lehengo egunean 5:00etan deitu zidaten udaletxetik. Beraz, traktorea arrankatu eta lanera joan aurretik irten nintzen. Azarotik apirilera izaten da. Tarte horretan traktorea beti gertu izan behar dut.
Zelan hasi zinen lan honetan?
Orain lau urte elur asko egin zuen. Ama etxean zegoen, elurrarengatik irten ezinik, ogia ere erosi barik. Amak esan zidan: “Ibon, kendu elurra, ogi barik egun bian ezin gara egon eta”. Traktorearen palagaz kendu nuen elurra, gure etxetik bideraino. Ondoren, alkateak deitu zidan. Eman nien zerbitzua gustatu zitzaien-edo, eta, harrezkero, honetan nabil. Konturatu ziren elurra kentzen jarduten duen enpresaz gain, beste traktore baten premia zegoela. Baina, ez da lan finkoa.
Herri askotan, batez ere auzo-bideetan dituzte arazoak elurragaz.
Bai, eta beste udal batzuek ere deitu didate zerbitzua emateko, baina Abadiñoko Udalagaz dut konpromisoa.
Estresa ere izango duzu premia dagoenean alde guztietara heltzeko.
Bai, beharrizana dagoenean denek gura dute euren ingurutik pasatzea, eta ni ezin naiz bost lekutan aldi berean egon. Gainera, traktorea eduki arren, errepidean kontuz ibili beharra dago elurragaz.