“Etxera heltzen ere lagundu diot bateren bati, bai, baina gutxi izan dira; formal ibiltzen dira hemen”

Aitziber Basauri 2018ko ots. 9a, 15:15

Otsailaren 4an 83 urte bete zituen Concha Lozanok (Ourense, 1935), Meson tabernako ‘amama’-k. Lanean ospatu zuen urteguna. Gaur, berriz, Barrizten kultur elkarteak emandako saria jasoko du. Errota kultur etxean egingo dute ekitaldia, 20:00etan. ‘Amama’-ren “karisma eta izaera berezia” azpimarratu dute elkartekoek; eta “batez ere, langile nekaezina” izatea. 39 urte  dira Meson taberna zabaldu zutela.

Barrizten saria emango dizute. Nola hartu duzu albistea?
Ez dut batere ondo hartu, egia esan behar badut. Ez zaizkit horrelako gauzak gustatzen. Maite naute herrian, “biloba” piloa ditut, eta pozten naiz, baina...

Biloba piloa dituzu, bai... Matienako ‘Amama’ zara. Nola daramazu?
Matiena eta Abadiñoko ‘Amama’ naiz, bai. Oso ondo daramat! Nire biloba jaio zenean, bezeroak senarra zenari eta bioi aittitta eta amama deitzen hasi ziren, eta gaur egun inork ez dit Concha deitzen. Herritarren partetik maitasuna jaso dut beti, gazteen partetik ere handia; inork ez dit inoiz errespetua galdu. Bilobak 27 urte ditu dagoeneko eta irakaslea da Alemanian.

Oso ezaguna zara auzoan. Zenbat belaunaldiri eman diezu jaten?
Ez dakit esaten. Gaur egun aitita diren batzuk erratza ere pasatu dute tabernan, ezkondu baino lehen. Jokoan egitera etortzen ziren senarra nuenagaz. Bilobekin datoz orain.

Nola gogoratzen dituzu taberna zabaldu zenuteneko sasoiak?  
39 urte dira Meson taberna zabaldu genuela. G.A.C-ko langileen greba amaitu zenean zabaldu genuen guk. Orduan amaitu genituen taberna zabaltzeko lan guztiak. Aurretik, G.A.C.-ko langileei uzten genien tokia, erabili zezaten. Baita AEKri ere, jaietan taberna zabaltzeko. Justu aurrean, errepidea pasatuta dugun lokal bat ere utzi izan diogu AEKri erabili zezaten.

Oraindik ere etortzen zara tabernara, goizean goiz...
Patata-tortillak egitera etortzen naiz, ordu batzuetarako. Sekreturik ez du horrek: arrautza, patata eta olio ona erabiltzea, ez du besterik behar! Baina tabernan ez naiz egoten. Alabak darama taberna, eta berak zabaltzen du. 04:00ak inguruan etortzen naiz, eta 09:00ak aldera banoa. Sasoi batean, sukaldeaz  arduratzen nintzen. Tabernan egon beharra bazegoen, egoten nintzen, baina beti senarragaz edo seme-alabekin, inoiz ez bakarrik. Familia osoa ibili gara tabernan, geurea da eta zaindu behar dugu.   

Hala ere, zeu zara oraindik Meson tabernako arima?
Ez dakit, ba! Alaba arduratzen da tabernaz. Sukaldea izan da nire lana. Betidanik kozinatu izan dut.

Asko aldatu dira gauzak azken 39 urte hauetan?
Ez, tabernak berdin jarraitzen du, eta bezeroek ere bai; beti izan dira oso jatorrak. Oso ondo tratatu gaituzte eta geuk ere ahal izan duguna egin dugu. Ez dut inolako kexarik. Hemen denak izan dira eta dira etxekoak!

Eguna argitu aurretik zabaltzen duzue taberna. Asteburuan ere bai. Denetariko bezeroak izango dituzue ordu txikietan...
Lanera doazenak dira goiztiarrenak, eta lanorduak amaituta etxera doazenak. Asteburuan, parrandan ibili ostean etxera joan aurretik ogitartekoaren bila etortzen dira batzuk. Ogiaren bila bidaltzen ditut eta, bien bitartean, zerbait prestatzen diet jateko.

Etxera heltzen ere lagundu diozu bati baino gehiagori...
Bateren bati bai, baina gutxi izan dira. Formal ibiltzen dira hemen! Nahikoa edanda etorri direnei ere askotan esan izan diet kafea emango niela edo, bestela, etxera joateko.

Pasarteak asko izango dituzu gogoan. Kontatzeko modukorik?
Ez pentsa! Ez dut gogoan.

Sanprudentzioetan jai hartzen duzu?
Ez, beti egon behar dut tabernan, dena antolatzeko, ia garbi dagoen ikusteko. Asko kontrolatzen diet nik hori. Ia dena garbi-garbi dagoen ikusten dut. Nik denbora asko dut libre, zer egingo dut, ba! Ibiltzea gustatzen zait, baina azkenaldian daukagun eguraldi honegaz...

Bigarren etxea duzu taberna?
Lehenengo etxea dut taberna. Esanda diet seme-alabei ni naizen bitartean taberna zabalik mantentzeko; ez nagoenean, egin dezatela gura dutena. Galizian ere badut etxea, oso polita, eta abuztua han igarotzen dut. Itxita izaten dugu taberna, baina, hori bai, zabaltzeko egunean  hemen nago berriro. Junquera de Espadañedokoa (Ourense) naiz eta han pasatzen dut abuztua; abenduaren hasieran txerri-hiltzera joaten naiz, ahizparen etxera.

Duela urte batzuk sanprudentzioetan ere egin zizuten omenalditxoa. Nola gogoratzen duzu?
Bai. Sorpresa izan zen. Hala ere, ni etxekoa naiz gehigo jaietakoa baino, eta horrelakoetan jendearen agerian jartzen zaituzte... Batak eta besteak han edo hemen ikusi nautela esaten didate eta, esan dudan moduan, ez naiz batere zalea

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!