Euskal artzain txakur arraza mantentzeko sortutako elkartea San Blas Azokan izan zen atzo. Euskal Herri osoko bazkideak txakurrekin bildu ziren azokan jarri zuten postuan. Patxi Lizarbe nafarrak azaldu zuenez, galtzeko zorian dagoen arraza zaintzeko helburua duen elkarteak azoketan kamisetak saltzen ditu finantziazioa lortzeko. "Momentu honetan artzain askok artzain txakurraren izakera bilatzen dute". Arraza honetako 500 txakur ei daude erregistratuta.
Elkarteko kideak baserririk baserri joaten dira arraza honetako txakurren bila. Beraz, ikerketa lan handia egiten dute. Gainera, azterketa genetikoak egiten ari dira eta EHUgaz kolaboratzen dute.
Momentu honetan elkarteak 40 bazkide ditu. Jone Atxotegik dioenez, elkartean Durangaldeko beste kide batzuk ere badaude.