Iker Azkorbebeitia eta Toni Martinez lauretan beteranoenak dira. Azkorbebeitiak joan zen denboraldian sokatira alde batera utzi bazuen ere, aurten berriro ere hastea erabaki du. “Tonik eta biok alkarregaz egiten dugu lan, eta berak burua pixka bat berotuta, berriro honetan hastea erabaki nuen”, aitortu du Azkorbebeitiak.
Hala ere, Azkorbebeitia eta Martinez ez dira Abadiño sokatira taldean dabiltzan Funsan lantokiko langile bakarrak. Iñaki Armendia atxondarrak eta Javi Lopez zamorarrak ere euren lankideen bideari jarraitzea erabaki dute. “Lankideei berriz ere sokatiran hasi behar nuela esan nienean, Iñakik ere hasteko gogoa zuela esan zidan eta, orduz geroztik, taldean dago. Javik, berriz, sokatira zer zen galdetu zigun, eta azaldu genionean berak ere taldera batzea erabaki zuen”, jarraitu du Azkorbebeitiak.
Amaitzear duten denboraldian, Funsan Team moduan ezaguna den laukotea ilusioagaz eta gogo handiagaz lanean dabilela aitortu dute. “Abadiñoko sokatira taldeak urte oso onak izan dituen arren, badakigu oraingoak garai ezberdinak direla”, adierazi du Azkorbebeitiak. “Hala ere, taldekideok dugun gogoa ezinbestekoa da hobetzeko”, jarraitu du.
Bestalde, taldera batzea gura duten gizonezko zein emakumezkoei probatzera joateko deia egin diete Abadiñoko sokatira taldeko kideek. “Gura duenarentzat ateak zabalik ditugu, gizonezko zein emakumezkoentzat”, esan du sokatiralariak. “Gainera, polita litzateke datorren denboraldian lehen aldiz emakumezkoen taldea edo talde mistoa izatea”, bukatu du Azkorbebeitiak.