San Blas jaiak

Goi mailako pilotariak batuko ditu Tornosolo trinketeko jaialdi nagusiak

Joseba Derteano 2018ko urt. 31a, 13:30

San Blas jaien harira Tornosolo trinketean antolatuko duten jaialdi nagusiak goi mailako bikote bi elkarren kontra jarraiko ditu. Asier Aspuru pilotari abadiñarra izango da protagonistetako bat.

Hasieran Yves Salaberri Xalagaz jokatzea aurreikusita zegoen, horrela jasotzen baitzuen jaietako programak, baina Xala ezin izango da etorri eta, bere ordez, Waltary Agusti pilotaria ekarriko dute.

Waltary hainbat urtez erreferenteetako bat izan da trinketean. “Pena da Xala ez etortzea, baina Waltarygaz jokatzeak ere ilusio itzela egiten dit. Mikel Gonzalez kenduta, Ipar Euskal Herrian goian dabilen pilotari bategaz etxean jokatzen dudan lehenengo aldia izango da. Urteetan onena izan da Waltary”, adierazi du Aspuruk.

Ekhi Ziarrusta eta Inhar Ugarte izango dituzte aurkari. “Bikote gogorra dira. GRAVN txapelketa irabazi dute eta abendu amaieran Ipar Euskal Herriko bikote bati egurra eman zioten Tornosolon. Gaur egun Hego Euskal Herrian parean aurkitu zenezakeen bikoterik onenetakoa da, onena ez bada. Gauzak ondo egin beharko ditugu irabazteko”, uste du Aspuruk.

Partidu hori otsailaren 9an,  18:00etan, hasiko den jaialdiko azkena izango da. Aurretik nesken paleta gomako partidua eta San Blas txapelketako binakako finala jokatuko dituzte.

Aspuru Bizkaiko binakako trinkete txapelketa jokatzen ere badabil Aitor Arabiourrutiagaz. Hurrengo partidua derrigor irabazi behar dute finalerdietara sailkatzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!