San Blas azokara euren ortu eta sukaldeetako produkturik onenak eta abelbururik zainduenak ekarriko dituzte inguruko herrietako nekazari eta abeltzainek.
Horrez gain, datorren zapatuan azokara bertaratzen direnek ganadu, baserri-tresneria, burdinderia, ortuariak, landareak, fruta, gaztaia, txakolina, ogia eta eztia aurkituko dituzte, eta baita artisauek egindako lanak ere.
San Blas egunari Txanbolin taldeko txistulariek emango diote hasiera. Euren kalejiragaz herria esnatzen dutenerako, azokan parte hartzen duten abeltzainek prest izango dute euren ganadua.
Hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango da Abadiñon egun guztian zehar. Esaterako, goizean zehar, XXVI. abelburu erakusketa egingo dute.
Bestalde, 11:00etan, meza nagusia egongo da San Trokaz elizan. Eta, urtero bezala, bertsolariek saioa eskainiko dute Ferialekuan, 12:00etan. Txaber Altubek, Aitor Bizkarrak eta Garikoitz Sarriugartek kantatuko dute. Herri kirol zaleek, berriz, probalekuan izango dute hitzordua, han urrezko aizkolari txapelketako saioak egongo dira eta.
Arratsaldean, 17:00etan hasita, idi probak eta Lotxo taldearen erromeria egongo dira. San Blas egunari DJ Miauk emango dio amaiera, txosnagunean 22:00etan eskainiko duen ekitaldiagaz.