Biek ala biek hamaika alditan egin dute topo lehietan azken urteetan; adibidez, Etxaburuak eta Astondoak emakumeen arteko lehenbiziko apustua egin zuten aizkoragaz eta segagaz; izan ere, sega da bien jatorrizko espezialitatea. Etxaburua izan zen garaile lehia horretan.
Gizonen kasuan, binakako Eusko Label txapelketarako puntuagarria izango da San Blasetako txapelketa hau. Aitzol Atutxa II.a eta Julen Alberdi Txikia IV.ena azkoitiarrak osatzen duten bikotea Ugaitz Mugertza II.ak eta Joseba Otaegik osatzen dutenaren aurka lehiatuko dira. 12:00etan hasiko da lehia, probalekuan. Hogeita lau enbor ebaki beharko dituzte kanporaketan.
Harri-jasotze erakustaldia
Harri-jasotzaileak ikusteko aukera ere egongo da, urtero legez. Goenatxo III.ak erakustaldia egingo du 175 kiloko harri errektangularragaz eta 150 kiloko harri borobilagaz.