“Bost-hamar urteren barruan padela dezente gehiago haziko dela uste dut”

Joseba Derteano 2018ko urt. 14a, 19:59

Iñaki Urionaguena (Abadiño, 1971) pilotari profesionala izan zen hamarkada batez (1992-2001). Garaiko pilotaririk onenen kontra aritu zen eta binakako final bat jokatu zuen Ladis Galartzarekin. Baina esku pilota utzi zuenean, kantxa pistagatik aldatu zituen, padel-pistagatik. Eskualdean oraindino kirol arrotza zenean hasi zen jokatzen. Padelzaleak klubean dabil eta afizio handia du.

Noiztik zara padelzalea eta zelan deskubritu zenuen kirol hau?
Errota gimnasioan, gaur egun Ibaizabal ikastola dagoen tokian, padel-pista bat jarri zuten eta han hasi ginen 1996. urte inguruan. Azken urteetako boom hori eman aurretik gu bagenbiltzan. Durangaldean padelean lehenengo hasi ginenak geu izango ginen, seguruenik. Orduan ia ez zegoen jokatzeko pistarik. Gogoan dut, behin, Gordexolako lagun batzuek euren herrian zegoen pistan jokatzera gonbidatu gintuztela. Nobedadea izan zen.

Gaur egun egoera bestelakoa da.
Bai, Durangon badaude eta gehiago ipiniko dituzte. Zornotzan eta Abadiñon ere badira. Zamudio, Ortuella… gero eta gehiago daude, eta arratsaldetan jokatzeko tokia bilatzea ez da erraza. Jende asko dabil.

Zer dauka padelak jendea hainbeste erakartzeko?
Fisikoki ez duzu beste munduko prestakuntzarik behar. Gainera, erraz jokatzen da. Maila antzerakoa duten lau lagun batuz gero, ordubete dibertigarria igarotzeko kirol fenomenoa da.

Esku pilotagaz alderatuta, zer abantaila ditu?
Lagunartean pilotan jarraitzeak denbora eskatzen zidan: takoak jarri behar dira, eskuak berotu behar dituzu… azkenean, jokatzen hasi orduko denbora piloa joaten da. Padelean bost-hamar minutuan luzamendu ariketak egin eta jokatzeko prest zaude.

Esku pilotan indarreko pilotaria baino, abila eta iaioa izan zinen. Dohain horiek behar dira padelean ere?
Denetarik behar da, kirol askotan moduan. Padelean erasoko jokoa aipatzen da, baina, nire ustez, ondo defendatzen duenak partidu gehiago aterako ditu aurrera. Defentsa handia eskatzen duen kirola da.

Torneo asko jokatzen dituzu?
Hasi ginenean, bai, baina gaur egun, ez. Durangoko San Fausto txapelketakoa jokatzen dut, antolakuntza ona izaten delako eta merezi duelako. Bestela, lagun artean ibiltzen naiz. Zamudion eta Zornotzan aritzen gara.

Zergatik ez Durangon?
Durangokoak padel-pista irekiak dira, eta neguan hotza egiten du. Gainera, euria egiten duenean kristaletan hezetasuna egoten da. Aukeran, nahiago dugu barruko pistetan jokatu.

Padela moda pasakor bat da ala geratzeko etorri da?
Ez dut uste moda pasakor bat izango denik, jokatzeko oso erraza baita! Adin denetako jendea ikusten dut jokatzen, 60 urtetik gorakoak ere bai. Kirol entretenigarria da.

Padelean binaka jokatzen da normalean. Horregatik, garrantzi handia hartzen du bikotekideak. Zu betikoagaz aritzen zara?
Guk lagunartean jokatzen dugu, eta azken 12 urteetan betiko lau padel-jokalariak batu izan gara. Gero, beste batzuekin ere jokatu genezake, baina lauron arteko partidu hori ezinbestean jokatzen dugu. Torneoetan parte hartu izan dudanetan Bittor Royuela durangarragaz jokatu izan dut.

Padel zirkuitu profesionaleko gaurkotasunari jarraitzen diozu? Txapelketak, nobedadeak…
Bai, telebistan partiduak ikusi daitezke eta gaur egun erraztasun gehiago dago gaurkotasunari jarraitzeko. Hego Amerikan jokatzen da, Europan ere gero eta gehiago… Bost-hamar urteren barruan padela dezente gehiago hazi eta zabalduko dela uste dut.

Esku pilota erabat alde batera utzita duzu?
Jokatzeko, bai, baina ikusteko, ez. Telebistatik jarraitzen dut eta, noizerik noizera, partiduak zuzenean ikusten ere joan izan naiz.

1993. urtea eta Bergarako pilotalekua. Data eta toki horiek esanda, zer datorkizu burura?
Binakako finala. Ladis Galartzagaz batera Jose Mari Zezeagaren eta Jokin Etxanizen kontra jokatu nuena.

Galdu egin zenuten: 22-15. Zelan gogoratzen duzu final hura?
Partidu gogorra izan zen. Gogoan dut finalaren aurretik ligaxkan euren kontra partidu bi jokatu eta biak galdu genituela. Zezeaga sasoi betean zegoen eta jotzaile bildurgarria zen, batez ere eskumagaz. Etxaniz azeri zaharra zen: asko defendatzeaz gain, aukera zuenean tantoa amaitzen zuen. Final batera heldu eta bera galtzea pena izan zen.

Garai hartan zein izan zen zuretzat kontra jokatzeko aurrelaririk deserosoena?
Aurrelari on asko egon ziren. Jokin Etxaniz eta Mikel Unanue, esaterako. Julian Retegi, Panpi Ladutxe eta Titin III.a… pilotari on asko zeuden.

Aurtengo binakakoari zer traza hartzen diozu? Nork irabazi dezake?
Aurrelarietan Mikel Urrutikoetxea eta Aimar Olaizola ikusten ditut joko punturik onenagaz. Zein bikote ikusten dudan txapeldun? Zaila da esatea. Parekotasun handia dago.

Imajinatu txapelketan zabiltzala eta atzelaria hautatzen uzten dizutela. Nor aukeratuko zenuke?
Ez da erraza aukeratzea. Beharbada Mikel Larunbe. Oso ondo dabil. Gertatzen dena da Oinatz Bengoetxea ez dagoela iazko sasoi puntuan.

Abadiñok beste pilotari profesionalik ezagutuko ote du?
Ez dakit, ba. Rober Uriarte izan da azkena. Kontratua berritu ez ziotenean, harritu egin nintzen. Horretarako adina meritu egin zuela uste dut.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!