Espainiako txapelketa irabazteko aukerak ditu Jon Munitxa abadiñarrak

Joseba Derteano 2018ko urt. 12a, 14:50
Argazkia: Mikel Alonso

Abadiñoko ziklo-krosak hainbat interesgune izan zituen joan zen asteburuan. Bizkaiko txapeldunak erabaki ziren, baina, horrez gainera, Espainiako txapelketaren atarian, txirrindulari bakoitza zer sasoitan dagoen neurtzeko ere balio izan zuen.

Begi bat norbere errendimenduan eta beste bat aurkarienean  izan zuten parte-hartzaileek, asteburu honetan Legazpian (Gipuzkoa) jokatuko den Espainiako txapelketarako ondorioak ateratzeko. Testuinguru horretan, ikusi eta bizitakoagaz gustura geratu zen Jon Munitxa (Abadiño, 1996).

Espainiako txapelketan, 23 urtez azpiko mailan, Ivan Feijoo izango du aurkari indartsuenetakoa eta Abadiñon parez pare aritu ziren probako hainbat unetan. Munitxak indartsu ekin zion lasterketari eta aurreneko itzuli bietan aurretik aritu zen. Ondoren, bizikletako aldagailuetan arazo bat tarteko —platera trabatu zitzaion—, galiziarrak aurreratu egin zuen eta berarentzat izan zen garaipena. Munitxa lehenengo bizkaitarra izan zen helmugan eta Bizkaiko txapeldunaren elastikoa jantzi zuen, bere ibilbidean hirugarrenez. “Feijook 23 urtez azpiko Espainiako Kopa irabazi du aurten eta Abadiñon ez zidan denbora askorik atera. Gainera, azken itzulia ez nuen topera egin. Gustura nago eskainitako errendimenduagaz. Espainiakoan ondo aritu naitekeela uste dut”, adierazi du Eiser-Hirumet taldeko txirrindulariak.

Zorrak kitatuta
Etxeko probak bereziak izaten dira edozein txirrindularirentzat. Denei gustatzen zaie lagunen eta ezagunen aurrean ondo aritzea. Aurten arte, arrazoi bategatik edo besteagatik, tajuzko lasterketarik eskaini barik zegoen sorterrian, eta kontu hori kitatzea ere lortu du. “Aurreko aldietan nerbioso egoten nintzen, neurerik eman ezinda. Aurten lehenengo aldia da lasterketa ona irteten zaidana eta alde horretatik ere pozik nago. Azken itzulian lasaiago hartzea eta lasterketagaz gozatzea erabaki nuen”, onartu du. Gainera, bere gustuko   zirkuitua aurkitu zuen. “Euria egin zuen eta zirkuitua lokaztuta zegoen, baina ez itsaskor, eta arin joateko modua zegoen. Niretzat, ezin hobeto”, adierazi du.

Gogotsu, esperantzagaz eta sasoian dago. Aurten bere mailan salto bat eman du eta hori islatzen saiatuko da Legazpian.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!