Matienako tren geltokiaren ondoan 120 auto hartuko dituen aparkalekua eraikiko du udalak

Jone Guenetxea 2017ko abe. 27a, 09:18

ETS urtarrilean hasiko da trenbide zaharreko espazioa atontzen. Obra horiekin batera Abadiñoko Udalak 120 auto hartuko dituen aparkalekua eraikiko du, 2018ko aurrekontuak onartu eta gero.

2018ko aurrekontuak onartu zituen, atzo, Abadiñoko Udalak, 19:00etan egindako osoko bilkuran. Inbertsioen atalean Trañapadurako zubi berriaren eraikuntza (400.000 euro) eta Zelaietako berrantolaketa (1,2 milioi bi urtean ordaintzeko) dira diru-atal handienak eramango dituzten proiektuak.

Bestalde, Matienan, trenbide zaharraren espazioa atontzeko Eusko Trenbide Sareakek duen egitasmoa urtarrilean martxan izango dela azaldu du Jose Luis Navarro alkateak. Izan ere, urtea amaitu aurretik espazio horretako obrei ekingo zietela iragarri zuen alkateak, baina lanak atzeratu egin dira. Lan horiekin batera, 120 auto hartuko dituen aparkalekua egingo dute geltokiaren ondoan. Auzokideentzat, trena hartzera doazen bidaiarientzat zein eskolara lanera doazenentzat zerbitzua eskainiko duela dio Navarrok. Hala ere, aparkaleku arautua izango zela iragarri du. Proiektu honetara udalak 120.000 euro bideratuko ditu. Navarrok argitu duenez, ur zurruztak ez ditu ETSk jarriko, udalak baizik.

 

Aurrekontuen eztabaida

Aurrekontuen inguruan, EH Bilduko Mikel Urrutia zinegotziak negoziatzeko borondate falta leporatu zion Abadiñoko Independienteen eta EAJren Gobernu Taldeari. Proposamena berandu jaso dutela-eta, beraien ekarpenak egiteko eztabaida atzeratzeko eskaera egin zuen EH Bilduk aurrekontuen osoko bilkuran. Era berean, ez direla aurrekontu sozialak kritikatu zuen Urrutiak.

Jose Luis Navarro alkateak ez zuen eztabaidaren atzerapena onartu. Alkateak EH Bilduri leporatu zion saiatu direla EH Bildurekin adostasunetara heltzen, baina ez dutela sekula horretarako borondaterik erakutsi". Horrela, Gobernu Taldearen aldeko (AI eta EAJ) eta EH Bilduren kontrako botoekin onartu zituzten datorren urterako aurrekontuak. 

Eneko Etxebarria EAJko zinegotziak berriz, aurrekontu "onak" direla azaldu zuen. Arlo guztietan aurrekontua handitu dutela nabarmendu du zinegotzi jeltzaleak.  

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!