Trañapaduran zubi berria eraikita kamioiak eta trafikoa Matienako herrigunetik desbideratu gura dituzte

Jone Guenetxea 2017ko abe. 26a, 11:57

Gaur arratsaldean Abadiñoko udalbatzak eztabaidatuko duen aurrekontuetan inbertsio nabarmenetako bat Trañapadurako zubi berriaren proiektura bideratuko dute. Azpiegitura berriak N-634 errepidea (Puska enpresa) Pierburg enpresaren atzeko aldeagaz lotuko du.

Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak aurrekontuen eztabaidaren aurretik, Gobernu Taldearen (AI eta EAJ) proposamenaren berri eman du. Matiena eta Zelaieta hiriguneen berrantolaketa iragarri ditu alkateak.

Matienan, trafikoa berrantolatzeko proiektuaren berri eman du Navarrok. Trañapaduran zubi berria eraikita (gaur egun dagoena egoera txarrean dago), N-634 eta Pierburg enpresaren atzeko aldea lotzea da asmoa. Gaur egun kamioi astunak Erezena kaletik (farmaziaren aurretik) pasatzen dira. Lotura berriagaz, kamioi horiek ez lirateke hirigunean sartu beharko. Era berean, etorkizunean Hostaleko bidea auzotik irtetzeko erabiltzea eta norabide bakarrekoa izatea da asmoa. Horrela, Matienarik igarotzen den kanpoko trafikoa %45 gutxitzea da asmoa. Egitasmo honetara udalak 400.000 euro bideratuko ditu eta URA agentziak beste 400.000. 

Bestalde, aurrekontuen beste inbertsio garrantzitsu bat Zelaietako berrantolaketaketara bideratu gura dute. 1,2 milioi euroko aurrekontua 2018-2019 urteen artean garatzea dute helburu. Saneamendua eta azpiegiturak hobetzeaz gainera, herria oinezkoentzako egokitu gura dute. 

 

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!