“Ez genuen pentsatzen horrelako harrera izango zuenik. Arbola ingurua eta biltegia jostailuz beteta izan ditugu: bizikletak, patineteak, jostailuzko motorrak, panpinak… ikaragarria izan da”, adierazi du Nerea Zarandona jubilatuen tabernako kudeatzaileak. “Sarritan umeak eurak etorri dira jostailuak arbolaren ondoan uztera. Gainera, jostailu batzuk umeek eurek etxean egindakoak izan dira”, gaineratu du. Jostailu denak atzo batu eta Caritas elkartera bideratu zituzten, behar dituzten umeen artean banatu ditzaten haiek.
Aurten lehenengoz
Aurten lehenengoz egin dute ongintzazko ekimen hori. Elikagaien Bankuagaz saiatu ziren lehenengo, baina euren kanpaina amaituta zegoen. Ondoren, jubilatu batzuen bidez Caritas elkarteagaz hartu-emanetan jarri ziren, Abadiñon bulego bat dute eta. “Zer egin genezakeen pentsatzen aritu ginen, eta Olentzero laster zetorrenez, jostailuak batzea eta umeei begirako zerbait egitea ideia ona iruditu zitzaigun”, gogoratu du Zarandonak.
Ekimenaren balorazio positiboa egiten dute eta datorren urtean ere ekimena berriro egitea hausnartuko dute.