“Iaz baino hobeto nabil aurten; pausu bat aurrera eman dut eta hori zen helburua”

Joseba Derteano 2017ko abe. 16a, 11:00

Aurten bere errendimenduan pausu bat aurrera eman du Jon Munitxak (Eiser-Hirumet). Horrela sentitzen du berak eta horren erakusgarri dira Euskal Herriko ziklo kros zirkuituan lortzen ari den emaitzak. Esaterako, garaipen eta podium bana lortu zituen joan zen asteburuan lasterketa bitan 23 urtez azpiko mailan.

Ametzagan irabazle eta Igorren hirugarren. Badago gehiago eskatzerik?
Ametzagako lasterketan, behintzat, ez. Hotz egin zuen, elurra zegoen eta, normalean, baldintza horietan ez naiz ondo moldatzen, baina espero baino hobeto aritu nintzen. Aurten hotzak ez dit erasaten, ez dakit zergatik. Igorren, aldiz, ez nintzen eskainitakoagaz erabat gustura geratu. Hobeto aritzeko esperantza nuen.

Zeintzuk dira hurrengo hitzorduak?
Asteburu honetan eta hurrengoan Munduko Kopako lasterketa bana lehiatuko dut Belgikan. Ea zelan doazen.

Zer helburugaz zoaz?
Iaz erori egin nintzen eta eskuan min hartu nuen. Badakit dena elurtuta egongo dena, beraz lehenengo helburua ez erortzea da. Ondoren, 30 onenen barruan sartuz gero oso pozik nengoke.

Zein izango da Euskal Herriko zure hurrengo hitzordua?
Euskadiko txapelketa Izarran [Araba]. Ondoren, urtarrilean, Abadiñoko proba. Etxekoa. Berez pertsona urduria naiz eta etxean oraindino nerbiosoago jartzen naiz. Orain arte ez dut neurerik eman Abadiñon eta lasterketa on bat egitea gustatuko litzaidake.

Pozik zaude orain arteko errendimenduagaz?
Bai, oso pozik. Iaz baino maila hobea ematen nabil aurten. Pausu bat aurrera eman dut eta hori zen helburua. Urtarrilean Espainiako ziklo kros txapelketaren txanda izango da. Orain urte bi laugarren amaitu nuen eta iaz ezin izan nuen parte hartu Belgikako erorketarengatik. Podiuma dut helburu, baina neurea emanez gero irabazi dezakedala uste dut. Egia esanda, gogotsu nago.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!