Nagusiak martxan jarri dira Abadiño atseginago bat eraikitzeko asmoz

Aritz Maldonado 2017ko aza. 21a, 09:15

Herrian nagusiek eduki ditzaketen arazo eta gabeziak topatu eta konpontzeko asmoz, Abadiño Lagunkoia programa abiatu du udalak. Maraka enpresaren laguntza dute proiektua aurrera eramateko. Udaleko talde guztiek babestu dute egitasmoa.

Dagoeneko saio bi burutu dituzte, eta berrogeita hamar bat lagunek parte hartu dute bakoitzean. “Saioak giro atseginean egin dira, ikuspegi zorrotz eta eraikitzaile batetik”, azaldu dute programaren sustatzaileek. Eraikin publikoetako eta aire libreko guneetako azterketak egin dira. Bestalde, azaroaren 8an eginiko bigarren saioan garraio publikoari buruzko azterketa ere egin zuten, honek sortzen dituen kezkak aztertzeko.

Une honetan, 500 hiri baino gehiago ari dira beharrean munduko hiri lagunkoien sare bat osatzeko, eta Abadiño sare horretan sartzea da programa honen helburuetako bat. Gainera, zahartze aktibo bat edukitzeko, Osasunaren Mundu Erakundeak gomendatutako irizpideak jarraitzen ari dira Abadiño Lagunkoian. Diagnostikoa egin ostean, hobekuntza plana udalari proposatzea litzateke hurrengo pausoa. Udalaren esku geldituko litzateke, gero, hobekuntza horien ezarpena.

Nagusiak egiten ari diren lana ezagutzera emateko, inkestak egiten ari dira herrian, eta Abadiñoko beste hainbat taldegaz batzeko asmoa ere agertu dute sustatzaileek. Abadiñoko zenbait auzotan egiten dira bilerak. Hurrengo saioa Matienako Errota kultur etxean izango da, azaroaren 29an, 17:00etan. 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!