Eguen goizean bildu ziren aldeak, auzia konpontzeko. Argi Abad euskara zinegotziaren berbetan, “txarto ulertua” izan da guztia, eta udalak euskaragaz eta Euskararen Egunaren antolakuntzagaz duen konpromisoa azpimarratu du.
Datorren urtera begira, elkarteek eta udalak egitaraua elkarlanean prestatzeko gogoa agertu dute. “Denboragaz eta patxadagaz denok batu, eta egitaraua guztion artean aurrera ateratzeko ados agertu gara alde guztiak”, adierazi dute aisialdi elkartekoek.
Udalaren “interes eza”
EH Bilduk, bestalde, Abadiñoko Independienteen eta EAJren jarrera salatu du. Koalizioaren ustetan, udalaren jarrera ez da gardena izan. “Gezurretan aritu dira diru-laguntza egongo den ala ez zalantzan jartzen, dirua badagoela badakitenean”, esan dute. Hori dela-eta, beharrezko diru-laguntzak emateko eta euskararen normalizazioan pausoak emateko eskatu diote udalari ohar baten bidez.
Katalamixonen lehena
Aurtengo abenduaren 3koa Katalamixon aisialdi elkarteak antolatuko duen lehenbiziko Euskararen Eguna izango da. Aurretik, Zelaietako IGE eta Matienako institutuko guraso elkartea ibili dira antolakuntzan.
Egun osoko egitaraua prestatu dute elkarteek aurtengorako. Goizean bizikleta martxak Abadiño zeharkatuko du. Arratsaldean, berriz, tailerrak egongo dira. Postal eta idazlan lehiaketa ere jarri dute martxan. Parte-hartzaileek azaroaren 27aren aurretik entregatu beharko dituzte lanak.