“Sekula ez naiz izan gol asko sartzen dituen jokalaria; harrituta eta oso pozik nago”

Joseba Derteano 2017ko aza. 17a, 15:30

Une gozoan dago Alain Azkarate Alcibar (Durango, 1991). Hegalean jokatzen duen arren, lau partidutan sei gol sartu ditu eta taldeko goleatzaile nagusia da. Hain bolada onik sekula ez duela izan dio. Aurrelari sena piztu zaio, eta area barruan harrapatzen duen baloiak sareetan amaitzen du. 

Ate aurrean erakutsi duzun eraginkortasunak ezustean hartu zaitu?
Egia esanda, bai. Azkenengo lau partiduetan titular jokatu dut, eta horietan sartu ditut sei golak. Ez nuen itxaroten. Eskuin hegalean jokatzen dut, eta sekula ez naiz izan gol asko sartzen dituen jokalaria. Gehiago izan naiz asistentziak ematen dituen horietakoa. Beraz, apur bat harrituta nago. Inoiz ez dut horrelako bolada bat izan. Oso pozik nago, denoi gustatzen zaigulako golak sartzea. Ea martxa horretan jarraitzeko modua daukadan. Joan zen asteburuan, Ezkurdiren kontrako derbian, nire golak partidua irabazteko balio izan zigun. Guretzat hiru puntu garrantzitsu izan dira, lider jartzeko balio izan
digutelako.  

Zelan joan zen derbia?
Derbi denen antzera, intentsitate handiko partidua izan zen. Lehen zatian sartutako golagaz heldu ginen azken txanpara, eta sufritzea egokitu zitzaigun.

Ligako lehenengo hiru partiduak ezin izan zenituen jokatu lesio bategatik.
Hori da. Aurreko denboralditik dakardan lesioa da. Zalduagaz partidu batean orkatila bihurritu eta ezin izan nituen azkenengo bost partiduak jokatu. Tendoia handitu zitzaidan. Udan mina joan egingo zela uste nuen, baina aurredenboraldian ez zegoela sendatuta ohartu nintzen. Saiatu arren, sentsazio txarrak nituen. Ondo sendatzeko hobe zela geldirik egotea gomendatu zidaten. Hainbat zentrotara joan naiz eta, badaezpada, orkatila lotuta entrenatu naiz, eta hala jokatu izan dut. Orain hobeto nago, gero eta min gutxiago dut.

Iaz Abadiñotik Zalduara joan zinen eta, lehenengoz, Ohorezko Mailan jokatu zenuen. Zelako esperientzia izan zen?
Partidu asko jokatu nituen, eta gustura aritu nintzen. Esperientzia polita izan zen. Kalitate handiko taldeak eta jokalariak daude, eta ez zeukan zerikusirik ordura arte ezagutzen nuenagaz. Beste mundu bat da.

Azkenean, taldea jaitsi egin zen. Gogorra egin zitzaizuen?
Apur bat gogorra egin zitzaigun maila galtzea, baina bagenekien mantentzea gaitza izango zela, talde igoberria zelako eta maila handia dagoelako. Hala ere, denboraldia jaitsiera postutik kanpora amaitu genuen eta Hirugarren Mailako jaitsiera kopuruaren erruz galdu genuen maila.  

Aurten kategoria bi beherago zabiltza. Taldeen mailan igartzen da?
Bai, jakina. Aldea dago. Uste dut iazko esperientzia baliagarri izan zitzaidala futbolari moduan hazteko, eta, aurten, dudan dena eskaini gura diot Abadiñori.

Zergatik erabaki duzu Abadiñora bueltatzea?
Zalduaren aurretik, Abadiñon urte askoan aritu naiz, lagunak ditut eta horregatik hartu dut erabakia. Oraingoz gustura nabil.

Iaz Maila Gorenetik Lehenengo Erregionalera jaitsi zen Abadiño. Aurten igotzea duzue helburu?
Bai, igotzea dugu helburu. Desio horregaz bueltatu naiz Abadiñora. Badakigu jokalari onak ditugula eta badakigu taldeak zer eman dezakeen. Jakina, gero hori zelaian erakutsi beharra dago eta, momentuz, lortzen ari gara.

Ez igotzea porrota litzateke?
Ez dakit ba, beharbada bai. Hasieratik, igotzea da asmoa. Abadiñori dagokion tokia maila bat gorago dagoela uste dugu.

Zelakoa da Abadiñoren aurtengo taldea?
Jokalari onak ditugu eta, normalean, partiduetan agintzea lortzen dugu.  

Lau futbolari etorri zarete Zalduatik Abadiñora. Taldeari kalitate estra bat eman behar diozuela sentitzen duzue?
Taldeari ahal dudan dena ematea da nire helburua. Igotzen bagara talde-lanaren ondorioa izango da. Gainera, jokalari askok dute jokatzeko aukera. Entrenatzaileak ez du beti hamaikako bera zelairatzen. Minutuak elkarbanatzea garrantzitsua da taldean giro ona egon dadin.

Lana eta futbola uztartzea zaila da?
Hiru erreleboan lanean nabil. Beraz, hiru asterik behin ezin naiz taldekideekin entrenatu. Asteon, adibidez. Taldekide bategaz geratzen naiz Astolan korrika egiteko. Gimnasio bat ere badugu.

Zelan amaitu du durangar batek Abadiñon jokatzen?
Kurutziaga ikastolan hasi nintzen. Ondoren, urte bitan Athletic-en Dena planean [tokian tokiko talentu gazteak identifikatu eta hezteko egitasmoa] egon nintzen. Hurrengo hiru urteak Durangoko Kulturalean eman nituen. Ez nuen aukerarik asko jokatzeko, eta Abadiñora etorri nintzen.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!