Ondo ezagutzen duzun maitasun istorio batean oinarritu zara liburua idazteko.
Bai, nire senarraren gurasoen bizitzan oinarrituta dago. Aita frantziarra da, eta 1969an Paristik Portugalera auto-stop eginez joateko asmoa zuen. Bidean, Deban gelditu zen, eta hantxe ezagutu zuen nire amaginarreba. Beraien familiek ez zuten harrema hori begi onez ikusi. Liburuan argumentua aldatu dudan arren, errealitatean beraiek hilabete askotan elkar ikusten egon ziren. Michel Frantziatik Maite bisitatzera etortzen zen. Azkenean, Maite etxean giltzapetu zuten eta ez zioten kalera irteten uzten. Kalean Micheli buruz zurrumurruak sortu ziren. Kalera biluzik irteten zela eta horrelakoak esaten zituen jendeak.
Zelan jarritu zuten elkar ikusten egoera horretan?
Ihes egin zuten. Lehenengotan, jendea engainatzearren, hegoaldera joan ziren auto-stop eginez. Ondoren, muga zeharkatu zuten. Michelen herrira joan ziren eta, han zeudela, Maiteren gurasoak agertu ziren. Etxe hori hain kristaua zela ikusita eta dagoeneko harremana sortuta zegoela ikusita, ezkontzea erabaki zuten. Frantzian bizitzen egon eta gero, hona itzuli ziren, lehenengo Abadiñora, eta gero Durangora.
Zerk bultzatu zaitu istorio hau kontatzera?
Maite orain 10 urte hil zen. Berak beti zioen maitasun istorio hau liburu bat idazteko modukoa zela. Koaderno bat oparitu nion autobiografikoa izan zedin, baina ez zuen idatzi. Hala ere, nik hainbat pasarte entzun nizkion eta, omenaldi legez, liburua idaztea erabaki nuen.
Familiako istorioa kontatzea ardura handia izango da.
Gertatu zen moduan kontatzea ardura handia izango litzateke. Izan ere, pertsona asko bizirik daude eta deseroso sentitu daitezke. Horregatik, biografia barik nobela idaztea erabaki nuen, inor mindu ez zedin. Liburuan dena hilabete batean zentratzen da. Beraz, gauza asko oso ezberdin idatzi ditut. Liburuan, ihes egindakoan Parisera doaz eta hantxe geldituko dira. Alaba bat izango dute, eta iloba Anais. Beraz, fikzioan Anais Abadiñora itzuliko da, amonaren herria ezagutzera. Bitartean, Oier ezagutuko du, eta, horrela, bi maitasun istorio uztartzen dira.
Familiak zelan hartu du?
Ez dut inor identifikatuta sentitzerik gura izan. Liburua bizipen horietan oinarrituta egon arren, pertsonaiarik gehienak fikziozkoak dira. Michelek irakurri egin du, eta esan zidan irakurtzerakoan negar piloa egin zuela. Bere onespena izatea garrantzitsua izan da niretzat.
Zure lehenengo lana blog batean idatzi zenuen.
Ideia bat nuen buruan eta blogean idatzi nuen. Ez publikatzea pentsatu nuen, eta blog bat zabaldu nuen. Astean kapitulu bat kaleratzen nuen. Jarraitzaileak izaten hasi nintzen.