Azken urteotan, Euskadiko pilota federazioa modalitate hau berreskuratzeko lanean ari da, bote luzeko Euskal Herriko Txapelketa antolatuz. Iaz, txapelketako lehen urtean, Bizkaiko selekzioak parte hartu ez zuen arren, aurten, txapelketan izena eman eta Euskal Herriko txapela irabaztea lortu dute.
Bote luzean bost bosten aurka ibiltzen dira eta Bizkaiko bost pilotarien artean Ander Antxia eta Egoitz Amantegi aritu dira. Abadiñarrek bote luzean aritzea esperientzia “polita” izan dela adierazi dute.
“Hasieran, ulertzeko zaila den modalitatea da, bost bosten aurka aritzen gara eta, joko zuzena eginez, tenisean lez”, jakitera eman du Antxiak.
Esku pilotako modalitaterik zaharrenetarikoa frontoi irekietan zein plazetan jokatzen da, 60 metro luzeko zelai batean. “Zelai erdialdean, sare birtual bat dago, eta sakearen bitartez sare hori ahalik eta urrunen jartzen saiatu behar da pilotaria, zelaia aldatzerakoan ahalik eta toki gutxien edukitzeko defendatzeko”, gaineratu du Amantegik.
Partiduz partidu ikasten
Abadiñoko pilotariek Euskal Herriko Txapelketa izan dute lehenengo torneoa bote luzean, eta partiduz partidu ikasten joan direla adierazi dute. “Berrizen egin genuen lehen entrenamenduan ez nuen jokoa ulertzen, eta haserre itzuli nintzen etxera. Hala ere, azkenerako, gustua ere hartu diot”, aitortu du Amantegik.
Bestalde, lortutako txapelagaz pozik daudela esan dute pilotariek. “Txukun ibiliko ginen esperantza genuen, gehienok trinketetik gatoz eta. Trinketeak bote luzeagaz zerikusirik ez duen arren, pilota jotzerako orduan erraztasunak izango genituela espero genuen. Hala ere, ez genuen uste Euskal Herriko Txapeldun geldituko ginenik”, amaitu du Antxiak.
Munduko txapelketa
Bestalde, Egoitz Amantegi abadiñarrak datozen egunetan One Wall modalitateko Munduko Txapelketa izango du Kolonbian. Amantegi munduko txapeldun izanikoa da modalitate honetan, eta Kolonbiako txapelketara “gogotsu” doala aitortu du. Hala ere, egun bikote “indartsuak” daudela eta hauei irabaztea “zaila” izango dela adierazi du.
Abadiñarragaz batera, Amaia Aristegi mallabitarra ere joango da Kolonbiako Munduko Txapelketara.