Asteburuan, Laudion Euskal Herriko Bote Luzeko txapelketako finalak jokatu dituzte. Eta bertan, Ander Antxia eta Egoitz Amantegi abadiñarrek garaipena eskuratu dute Bizkaiko selekzioarekin.
Partidu hasieran gipuzkoarrak 1-0 aurreratu ziren arren, bizkaitarrek segituan berdindu eta markagailuan aurretik jarri ziren. Azkenean, bizkaitarrek hiru puntuko aldearekin txapelketa irabaztea lortu zuten.
Bote Luzeko Euskal Herriko Txapelketa iaz lehenengoz antolatu zuten arren, aurten, lehen aldiz aritu da Bizkaiko selekzioa txapelketa honetan. Bertan, eskualdeko hainbat pilotari aritu dira Bizkaiko selekzioarekin: Ander Antxia, Egoitz Amantegi, Aitor Arabiourrutia eta Asier Aspuru abadiñarrak, Mikel Gonzalez berriztarra, Ander Martin mallabitarra eta Unai Elguezabal durangarra, besteak beste.