Atsedena hartzeko unea da eta baita urteko balantzea egitekoa ere. Zelan baloratzen duzu denboraldia?
Erregularra izan da. Emaitzek lagundu didate, postu onak lortu ditut, baina lesioengatik eta entrenamenduengatik denboraldi gogorra izan da. Emaitzek egoera arindu arren, une batzuetan sentsazioek ez didate lagundu.
Lesioak karga bat izan dira urte hasieratik, ezta?
Bai. Esaterako, hernia diskal bi aurkitu dizkidate. Medikuak esan zidanez herniak urteak eraman ditzake hor. Igeriketa saio gehiago egin ditut aurten, bizikletan ere aritu naiz… uste dut arazo hori gaindituta dudala. Aldiro gerra ematen didaten hankako arazo batzuk ere baditut.
Basque Ultra Trail Series zirkuituaren (BUTS) historian zure izena agertuko da lehenengo irabazle moduan.
Gonbidatu nindutenean, beste zirkuitu bat amaitu berritan nengoen, estresatuta amaitu ere. Proba denetan parte hartzera behartzen zaituen formaturik ez nuen gura une hartan. Baina, probatu, lehenengo biak irabazi, eta hurrengoetan ere parte hartzea erabaki nuen. Gainera, ibilbideak asko gustatu zaizkit. Azkenekoa, Bilbon amaitu zena, berezia izan zen niretzat, gurasoak helmugan zain zeudelako. Ni zuzenean ikusten ninduten lehenengo aldia zen eta ilusio handia egin zidan.
Ehunmilak hirugarrenez irabazi duzu. Neurria hartuta diozun proba da.
Nire bizitzako lehenengo txapela Ehunmiletan irabazi nuen, proba laburrean. Gainera, Gipuzkoan askok ezagutzen naute, han egiten dut-eta lan. Lasterketa hasieratik amaierara nire izena etengabe entzuten dut. Proba berezia da. Probaren ostean, familiagaz jateko ohitura dugu, hanburgesak edo dena delakoa.
Hanburgesak zuretzat ere? Elikadura ikaragarri zaintzen dute askok…
Ez da nire kasua. Nutrizionista bategaz hasi nintzen eta hile bi iraun nuen. Sano jatea gustatzen zait, barazkiak eta abar. Beraz, ez da arazoa. Baina gauza gozoa ere gustuko dut. Afalostean izozki bat jatea, esaterako. Mendi lasterketak hobbya dira, ez naiz honetatik bizi eta elikadurarena ez da zorrozki daramadan zerbait. Errendimendu onaren sekretua entrenamenduetako konstantzia da.
Tor de Geants zen urteko hitzordu nagusia. Bigarren amaitu zenuen 97 orduko ahalegina eginda. Pozik?
Oso pozik nago. Gustura egon nintzen. Nire inguruko dokumentala egiten ari diren bi lagun ere hantxe zebiltzan grabazioetan… Egun politak izan ziren.
Dokumental bat grabatzen ari dira zuri buruz?
Garakordada proiektuko Mikel eta Iñaki Urresti dabiltza horretan. Kasualitatez, ideia proposatu zidaten egun berean heldu zitzaidan Tor de Geants-en parte hartzeko gonbidapena. Prestakuntzan lagundu didan konpromisoa izan da. Nigaz etortzeko kamera berria erosiko zutela, dron bat zeramatela… Jartzen ari ziren ilusio guztia ikusita, neurea eman behar nuela sentitzen nuen. Entrenatzera irteteko akuilua izan zen. Zorionez, dena ondo joan zen.
Eta xanpainagaz ospatu zenuten lorpena.
Lasterketaren bat irabaztearren emandako botilak denbora dezente zeraman etxean. “Botila honegaz zer? Geugaz eramango dut”, esan nion senarrari. Furgonetan gorde genuen, ondo irteten bazen ateratzeko, eta, bestela, beste inork ez ikusteko.
Munduko hedabideen arreta erakartzen duen proba da. Kazetariak eta argazkilariak nonahi. Zelan eraman zenuen alderdi hori?
Orain ez dit ardura, baina, hasieran, ez zen horrela. Ehunmiletara lehenengoz joan nintzenean jendea niri begira geratzen zela ohartu nintzen, eta nire izenez deitzen zidatela. Orduan ez zitzaidan erosoa egiten. Orain, kalean argazki bat eskatzen badidate, esaterako, ez dit ardura.
Zenbat bider galdetu dizute ea datorren urtean proba errepikatuko duzun?
Askotan. Hona heldutakoan, lehenengo galdera horixe izaten zen. Orain momentuagaz gozatu gura dut, baina gero eta argiago dut itzuli gura dudala.
Probako une batean, zure aurkari bat atzerago zetorrela uste eta orpoz orpo zeneukala ohartu zinen. “Urterik urtera maila handiagoa dago”, izan zen zure komentarioa.
Bai, duda barik. Emakumeetan gaur eguneko denborak orain urte batzuetakoekin alderatuta, hori nabaritu daiteke. Lehen baino emakumezko korrikalari gehiago dago eta, gainera, hobeto prestatuta daude. Gero eta gaitzagoa izango da goian mantentzea.
Zeu ere urterik urtera gero eta hobeto zabiltzala dirudi.
Tira, aurtengoa ez da izan nire denboraldirik onena. Aurten oihartzun handiagoa lortzen nabil hedabideetan eta, beharbada, hori da gertatzen dena. Jende askok aurten deskubritu du Silvia Trigueros nor den.
41 urte dituzu. Gainbeherak kezkatzen zaitu? Noiz helduko den, zer egingo duzun…
Nire senarragaz askotan berba egin dudan kontua da. Gaitzena ez da urterik urtera hobetzen joatea, baizik eta gora heltzean han mantentzea. Gazteak datozen heinean, gu ordezkatzen joango dira. Bizitzako legea da. Begira, gustatzen zaidalako nabil korrika, ez emaitzen bila nabilelako. Neure buruagaz gustura geratzeko lehiatzen naiz. Esaterako, Tor de Geants-era irabazteko itzuli gura dut? Ez. Eman dezakedan dena eman dudala sentitzea dut helburu, eta ez dut arantzarik ez irabazi izanagatik.
Beraz, dena ez da irabaztea.
Ez. Aurten fisikoki zein mentalki ehuneko ehunean egon gabe parte hartu dut lasterketa batzuetan. Egingo nuen denboragaz arduratu barik. Eta ez dela erraza konturatu naiz. Izan ere, egiten dudana egiten dudala, nire denborak alderatu egingo dituzte. Nire semeak ere galdetu izan dit. “Jo, ama, gaur bosgarren amaitu duzu. Zergatik?”. “Ba, besteak ere sasoian daudelako, baina ondo pasatu dut”, erantzun izan diot. Asteburua kanpoan igaro, bidaian familiagaz gozatu… hori da nire helburua, baina, sarritan, ez didate sinesten.
Silvia Triguerosek noiz utziko dio korrika egiteari?
Nire semeak bizkarrean motxila eramaten hasten direnean, orduan utziko diot korrika egiteari. Mendizalea naiz eta trekking luzeak egitea gustatzen zait. Beraz, seme biak nork bere motxila eramateko kapaz direnean, nire agurra helduko dela uste dut.
Semeak aipatu dituzu. Kontatu digutenez, amaren bidea hartu dute.
Enekok 8 urte ditu eta Markelek 10. Biak asko dabiltza korrika. Pipermina dute hanketan. Iaz, San Silvestre proban parte hartu eta nork bere lasterketa irabazi zuen. Niregana hurreratu eta esan zidaten: “Ama, guk irabazi egin dugu, ea zuk zer egiten duzun”. Ba, irten eta metro bira erori egin nintzen (barreka). Baina gero irabaztea lortu nuen.
Bizikletan askotan ibiltzen zarela esan didate. Prestakuntzarako darabilzu ala hobbya da?
Gustatzen zaidalako ibiltzen naiz. Entrenamendu luzeak desgaste handiegi barik egiteko modua da. Batez ere errepidera irten dut aurten. Senarrak mendiko bizikleta erregalatu dit. Uste dut, arriskuagatik, errepidetik atera gura nauela.
BTT lasterketaren batean parte hartzeak tentatzen zaitu?
Ez. Tentatzen nauena egunen batean triatloia probatzea da, baina, momentuz… Horretan dabilen lankide bat dut eta bere neoprenozko jantzia eskaini dit igerian aritzeko. Ez dakit, gorputzak eskatzen didanaren arabera hartuko dut erabakia.
Lasterketetan baduzu aitortzeko modukoa den maniaren bat?
Hasi nintzenean ez nien horrelako kontuei erreparatzen, baina, azken aldian, apurtxo bat maniatikoa bihurtzen nabil, batez ere, galtzerdiekin. Ehunmilak batean arazoak izan nituen oin-zolan eta harrezkero… Aurten Euskal Herri erdi zeharkatu dut gura nituen galtzerdiak erosteko. Marka konkretu baten bila nenbilen. Ezin nuen aurkitu eta desesperatzen hasita nengoen.