Astelehenetik eguenera lau orduko lanuzteak egiten dituzte, eta lanaldi osokoak barikuetan. Enpresaren aurrean kontzentrazioak burutzen dituzte, egunero, Hitzarmen duin baten alde lemagaz.
2011tik enpresako hitzarmenik barik daude Rothenberger-en, eta urteak dira aldarrikapen horregaz mobilizatzen dabiltzala. “Zuzendaritzak ez du negoziatzeko borondaterik”, diote enpresa batzordeko kideek. “Enpresan urte asko daramatzatenek diote ezagutu duten zuzendaritzarik zorrotzena dela hau, eta aldi berean utzikeria handienagaz diharduena”.
Lan erreforma aplikatuta, soldatak %5 jaitsi eta lanaldia luzatu zieten langileei 2013an. Enpresak irabaziak dituela jakinik, honako eskariak gauzatuko dituen “hitzarmen justu bat” eskatzen diote langileek enpresako zuzendaritzari: lan erreformaren kontrako klausulak onartzea, lan finkoa bultzatu eta babestea, soldatak eguneratzea eta lanaldia murriztea.