Ibai Zabala: "Sortzen Egunean gure alea jarri ahal izatea gauza polita da"

Maialen Zuazubiskar 2017ko ira. 19a, 14:57

Ibai Zabalak, Sugar Perezek, Ekaitz Herrerak eta Asier Otaduyk osatzen dute Baske Street Boys taldea.

Traña-Matienako Gazte Asanbladak antolatuta Sortzen Eguna ospatuko dute asteburuan. Bertan, izango da Baske Street Boys talde abadiñarra. Ibai Zabala pilotari eta abeslariak ANBOTOri adierazi dionez, Sortzen Egunean jotzeko gonbita "gustoz" hartu zuten. "Matienan gazte arloan gabezia handia egon da, eta horrelako ekimenak oso garrantzitsuak dira", aitortu du Zabalak. "Horregatik, Sortzen Egunean gazte-beterano figura honetatik gure alea jarri ahal izatea gauza polita da", gaineratu du abeslariak.

Eszenatokian ondo pasatzea helburu duten taldeko kideek aitortu dutenez, kontzertu guztietara musutruk joaten dira, eta horrek jotzerako orduan "presio pixka bat" kentzen die. "Gure helburu nagusia guk zein gure ingurukoek ondo pasatzea izaten baita", gaineratu dute.

Baske Street Boys duela hamar urte sortutako taldea da."Matienan AHTren kontra egindako jaialdi batean irten ginen oholtzara lehen aldiz, grazia egiteko asmoz. Baina, orduz geroztik, hainbat kontzertu jo ditugu, gehienak Abadiñon", adierazi du Zabalak. Kontzertuak jotzeaz gain, hamar urteko ibilbide honetan 6 abesti sortu dituzte talde abadiñarreko kideek. Azkena duela pare bat aste kaleratu zuten, Matienako Gazte Asanbladari eginikooa.

Bestalde, Baske Street Boys taldeko abeslariak abenduaren 22 ingururako, 10 urte betetzen dituzten egunerako, zerbait prestatzen dabiltzala jakitera eman du.

 

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!