Jon Larruskain: “Ez da ezagutu genetikoki dopatutako kirolaririk, baina kezka bat badago”

Aitziber Basauri 2017ko ira. 16a, 10:30

Pozik hartu du Jon Larruskain ikerlari abadiñarrak ‘jakinduriek mundue erreko dau!’ jardunaldian parte hartzeko gonbita. Hamar urtez Athleticeko bigarren taldeko jokalari izandakoak irailaren 23an Igorren izango den saioan jardungo du, eta Miren Amuriza, Andoni Egaña eta Maialen Lujanbio bertsolariak izango ditu bidelagun. ‘Dopin genetikoa, superkirolariak diseinatzeko gai?’ hartuko dute hizpide, 20:00etan hasita. Futboleko lesioez eta horien oinarri genetikoaz tesia egiten ari da.

Dopin genetikoa errealitate bat da? Superkirolariak sortzeko gai gara?
Teknologia badago horretarako. Superanimaliak sortu dira. Hala ere, albo-ondorioak  asko dira; larriena, sarritan ematen dena, heriotza goiztiarra. Arazo asko ematen ditu, eta oraindik oso goiztiarra da gizakiengan erabiltzeko. Beraz, superkirolariak sortzeko teknologia egon badagoen arren, ez da eraginkorra, eta ezta segurua ere. Orain teknologia hori kirolean erabiltzeari — zer eta tranpa egiteko, superkirolariak sortzeko— astakeria galanta deritzot.   

2008tik erabiltzen omen da, baina ez da inoiz detektatu.
Teknologia existitu existitzen da eta beti dago kirolariren bat bere errendimendua hobetzeko prest. Hori jakinda, dopin genetikoa egiten ari diren susmoa badago egon. Baina ez da positiborik egon. Ez da ezagutu genetikoki dopatutako kirolaririk. Baina kezka bat badago. Munduko dopin agentzia atzetik ari da, eta duela gutxi lehenengo detekzio metodo bat garatu du: EPOk genean egindako aldaketak detektatuko lituzke horrek. Aurreneko test bat da eta Rio de Janeiroko 2016ko joko olinpikoetan hartu ziren laginak aztertuko dira. Ikusiko dugu.

Hori du abantaila nagusia?
Hala da. Dopinean gorputzean dugun EPO arrotza detektatu daiteke, zurea ez den EPOa. Dopin genetikoagaz, ostera, gure geneak aldatzen dira, eta beraz, sortzen den EPOa geurea da. Hori ezin da detektatu orain arteko metodoekin. Geneak aldatu dituzula atzeman behar da.

Nola heltzen da dopin genetikoa zeluletara?
Gure genoma errezeta-liburu bat da, hiru biloi nukleotidok ­ —letra lez adieraziak— osatua. Liburu bat bailitzan irakurri genezake, letraz letra. Liburu horretako berbak lirateke geneak. Dopin genetikoagaz, kirol errendimendu handiagoa eragiten duten geneetan —badaude ikerketak kirol errendimendua geneekin erlazionatzen dutenak— aldaketak egin daitezke, geneak nahierara moldatu. Hala ere, dopin genetikoa eraginkorra izateko ondo ulertu behar dugu genoma, gure kode hori.

Oraindik asko dugu ezagutzeko genomaren inguruan?
Bai. Badakigu genetikak eragina duela kirol errendimenduan —ohitura eta ingurugiroagaz batera—, baina oraindik ez dugu ondo ulertzen nola eragiten duen. Adibidez, ez dakigu Leo Messik edo goi mailako kirolari batek zer daukan bere genoman halako gaitasunak edukitzeko. Ikerketak egiten ari dira. Baliteke inoiz hori jakitea. Baina Messiren gene berdinak edukitzeko superkirolariak diseinatuko ditugula esatea beldurgarria iruditzen zait. Momentu honetan zientzia-fikzioa da. Ezinezkoa. Oraindik ez dugu nahikoa ezagutza. Genomaren edizioak potentzial handia du, adibidez osasunean, eta terapia genikoan itxaropen handia dago horretan, gaixotasun batzuetan eragin handia duelako genetikak. Etorkizunean oso erabilgarria izan liteke, baina orain ezin dugu erabili, ez delako, ez eraginkorra, ez segurua.

Athleticen jokatu duzu, bigarren mailan. Zer iritzi duzu dopin genetikoaren inguruan?
Futbolean, errendimendu fisikoaz gain, beste faktore askok eragiten dute, eta ez dut uste dopinak toki handirik duenik.  Bestelako kiroletan ez dut jardun, baina ez nuke inoiz halako astakeriarik egingo. Badakidalako osasuna kaltetuko dudala, baita bestelako substantziak hartuta ere. Baina kirolari batzuk prest daude horretarako.

Kirolaren mehatxurik handiena da dopin genetikoa?
Mehatxu handi bat da, bai. Handiena? Ez nuke jakingo esaten, gauza asko daude-eta kirolaren inguruan. Egia da dopinak oihartzun handia duela gizartean, eta etorkizunean dopin genetikoren bat ezagutzen bada, itzela sortuko da, ziur. Genoma aldatzeak zeintzuk inplikazio dituen pentsatu behar dugu.

Ez du atzera bueltarik?
Metodo ezberdinak egongo dira, eta batzuk ez dira atzera bueltarik gabekoak izango, baina dopin genetikoak badu beste ezaugarri bat: gizartean duen eragina. Igual denok izan gurako dugu supergizaki edo superkirolari; edo ilehoria izan gurako dut, eta geneak aldatu ditzaket.

Gizartearen hausnarketa eskatzen du?
Bai. Dopin genetikoak eta genomaren edizioak hainbat eztabaida etiko eta moral ekarriko ditu. Gizakia hobetuko da? Non dago muga? Zer egiteko prest gaude?

Dopin indartsua da hau? Dirutza mugituko du?
Bai. Genoman gorputzeko osagai guztiak sortzen dira. Ilearen kolorea, definitzen duen errezeta hartuta aldatu zenezake, eta giharren tamaina kontrolatzen duen genea ere bai. Botika-industriak terapia genikoan eraginkorra den lehenengo metodoa garatzen dihardu. Gainera, dopinak diru asko mugitzen du orain ere. Zer esanik ez merkatu beltzean.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!