ETSk Abadiñoko trenbide zaharraren urbanizazioa lehiaketa publikora atera du

Jone Guenetxea 2017ko ira. 13a, 11:38

ETSk 939.363 euroko inbertsioa egingo du, trenbide zaharra urbanizatzeko. Oharrean azaldu dutenez, lanak urrian edo azaroan hastekoak dira, eta asmoa da Galizia plaza eta bere ingurua urbanizatzea, Inyectametal lantegiaren eta errekaren artean. Lanak aprobetxatuz, ur-jolasak ere jarriko dituztela aurreratu dute.

Auzolagunei bialdutako ohar batean Jose Luis Navarro alkateak eskerrak eman dizkie erakutsi duten "pazientziagatik" ETSk proiektu hau tramitatzeko izan dituen atzerapen guztiekin. Alkateak ohar horretan azaldu dienez,  "lana lizitaziora atera da Udaleko arduradunek ETSrekin hainbat batzar egin eta gero". Gaineratu dutenez,  "udala proiektu on bat egingo dela ziurtatzen saiatu da auzolagunek jasan dituzten eragozpen guztien ordainetan". 

ETSk prestatutako proiektuarekin indarra emango zaie oinezkoendako guneei, egoteko eta jolasteko guneak ezarriko dira, zuhaitzak, zoladura berria eta kale-altzariak. Kalea irisgarriagoa izango da, bai mugikortasun gutxiko herritarrentzat, bai txirrindularientzat. Kalean 2,25 metro zabaleko aparkatzeko gune bat markatuko da, eta 3,50 metro zabaleko zirkulazio errei bat. Era berean, lanak aprobetxatuz ur-jolas batzuk jarriko dituzte, Markinan eta Ermuan dauden bezalakoak. Azkenik, alkateak azaldu du udala lanean ari dela aparkalekuak egiteko lur-arlo batzuk eskuratzeko.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!