Nola abiatu duzue proiektua?
Xabier Solaguren: Baserriagaz lotuta, zerbait egin gura genuen gure kabuz. Josuren gurasoek lur batzuk utzi dizkigute euren etxostean, eta han ari gara. Basatxerriren lau txerrigaz eta Euskal Txerri bigaz hasi ginen, eta abuztuan beste lau ekarri ditugu, katea egiten joateko. Lurrik ez baduzu, ahaztu!
Josu Abaunza: Biok gatoz baserritik, eta jakin badakigu horrelako proiektu bat bakarrik abiatzea oso gogorra dela. Elkarregaz aurrera egiteko aukerak ikusi genituen.
Nola doa?
X.S.: Hasi baino ez gara egin. Motibatuta gaude, baina martxa hartu arte ez dago jakiterik.
J.A.: Bai, baina pozik gaude! Inoiz ez dugu txerririk izan eta ikasteko eta hasteko era bat da.
Errentagarria da proiektua?
X.S.: Ez dakigu. Momentuz ez digu jaten emango, badakigu! Hala ere, bi izateak beste joko bat ematen digu. Egunerokoan ez dute lan askorik ematen, baina gainean egon behar da: alde ez egiteko, jatekoa emateko, itxitura ondo dagoen ikusteko...
J.A.: Baserriak eta rock&rollak ez du dirurik ematen, baina poztasuna bai . Proba egin gura dugu, eta gustura gabiltza. Denborak esango digu zer egin dugun ondo eta zer txarto, hobetzen joateko.
Etorkizuna nola ikusten duzue? Zein da erronka?
X.S.: Kontsumo talde bat sortzea da gure asmoa, eta txerria hiltzen dugunean, paketeetan banatuta saltzea. Era horretan badabiltza batzuk txahal-okela saltzen. Txerriarena ez dago hain hedatuta. Proiektu honegaz bizimodu duin bat ateratzea ideala litzateke. Norberarentzat egindako lana da eta beste satisfakzio bat ematen du.
J.A.: Kalitatezko produktu bat lortu eta eskaini gura dugu. Txerriak hemen aske daude, ez daude bi metro karratuan sartuta, kortan. Jendeari gustatuko zaion kalitatezko produktua sortzeak halako satisfakzioa ematen du.
Hurbildu zaizue inor?
X.S.: Zertan gabiltzan esanda, abisatzeko esan digute batzuek, eta kontsumo taldea sortzean hurbilduko garela esan diegu.
Euskal Txerriak eta basatxerrikoak dituzue. Oso desberdinak dira?
X.S.: Euskal Txerria ez da bestea besteko produktiboa. Koipe gehiago dauka, eta okela gutxiago; gizentzeko ere denbora gehiago behar du... Horregatik, sasoi batean galdu beharrean egon zen. Gaur egun, iparraldean hainbat kooperatiba daude eta Gipuzkoan ere badabiltza Euskal Txerriaren produktuak merkaturatzen. Dena den, gehiago kostatzen da Euskal Txerria haztea, eta ateratako produktuak ere gutxiago dira.
Iberikoen parekoa da?
X.S.: Ez dakit! (barrez). Gipuzkoan badaude 100 bat buru dituztenak basoan. Okela freskoa saldu barik, iparraldean dauden kooperatibetan elaboratzen dituzte produktuak; eta delicatessen lez saltzen dira. Badu ospea. Ez dut uste horretara helduko garenik. Ikusteko dago.
Nolakok dira txerriak?
J.A.: Zikin ospea dute, baina ez dira batere zikinak. Jan eta kaka ez dute leku berean egingo. Freskatzeko ibiltzen dira lupetzetan, eta oso formalak dira. Guk aske ditugu eta eredu horri jarraitu gura diogu, Basatxerrik horrela izaten ditu. Produktuaren kalitatean eragina du horrek: basoan topatzen dutena jaten dute eta guk emandako garagarra eta artouruna. Gatzure, sagarrak, makatzak, belarra... ere bai.
X.S.: Kortan irudikatzen ditugu, bi metro karratuan. Hori da kontua.