Silvia Triguerosek Euskal Herriko Ultra Trail txapelketa jokoan izango du asteburuan

Anboto 2017ko abu. 3a, 17:56

Korrikalariek erronka gogorra izango dute. Iruñea eta Donostia arteko 120 kilometroak osatu beharko dituzte, mendiz mendi, 17 gailur igoz eta 14.500 metroko desnibel metatua gaindituz.

Aurten Hego Euskal Herriko lau hiriburuak lotzen ari den Basque Ultra Trail Series (BUTS) zirkuituko lau lasterketetatik hirugarrena da asteburukoa. Aurreko bi lasterketetan garaile izan da Trigueros abadiñarra. 

Irteeran izango dira BUTS zirkuituko gizonezkoen eta emakumezkoen sailkapen nagusiko lehenak, Carlos García Recondo eta Silvia Trigueros, eta haiekin batera beste hainbat izen nabarmen: Imanol Aleson eta Pedro Etxebarria gipuzkoarrak, Dani Aguirre eta Nerea Martinez nafarrak, Oscar Perez de Nanclares arabarra, Jon Erdaide eta Agurtzane Agiarro bizkaitarrak, Felipe Artigue burgostarra eta Nuno Ailva portugaldarra. Guztira 150 korrikalarik parte hartuko dute.

Zaleek eta ikusleek aukera izango dute lasterketaren irteera ikusgarriaz gozatzeko ostiral honetan, 24:00etan, Gaztelu plazan. 

Aurreikuspenen arabera, korrikalari azkarrena larunbatean, abuztuak 5, 15:00ak aldera iritsiko da helmugara (Artzain Onaren Katedralaren Plaza) , Nafarroako eta Gipuzkoako mendietan 15 ordu korrika ibili ondoren.

ANBOTOKIDE izatea gure komunitatearen parte izatea da, euskararen erabilera sustatzea eta herrigintzaren aktibazioan pausoak ematea.


EGIN ZAITEZ KIDE!