Mendiko lasterketen Munduko Kopa buru-belarri lehiatzen jarraitzen du Oihana Azkorbebeitia korrikalari abadiñarrak, eta domeka honetan ere emaitza bikaina lortu du, oraingoan Skyrace Comapedrosa lasterketan, seigarren sailkatuta. Ander Gerrikaetxebarria zornotzarra ere primeran aritu da eta 27. postua erdietsi du. Lasterketa hau Arinsal herrian (Andorra) jokatzen da eta 21 kilometro ditu, 2.280ko desnibel positiboagaz. Hasiera-hasieratik onenekin batera ekin dio Azkorbebeitiak lasterketari. "Oso lasterketa gogorra da. Hasieratik oinez egitekoa asko, ibilbide teknikokoa, eta indarrak ondo neurtu beharrekoa", adierazi du korrikalari abadiñarrak. Skyrace Comapedrosa korritu eta gero, Azkorbebeitiak lider jarraitzen du Munduko Kopako Sky Classic World Series-ean, 294 puntugaz. Guztira, hamaika lasterketak osatzen dute aurtengo Munduko Kopa, eta bost lasterketarik onenetako emaitzak hartuko dira kontuan sailkapen orokorrerako. Oraindik lau lasterketa geratzen dira, eta Azkorbebeitiak horietako bitan parte hartzeko asmoa dauka. "Hurrengo biak Zermatten (Suitza) eta Montanan (AEB) dira, baina nire asmoa, okerrik ezean, Kopako azkenengo bietan parte hartzea da, Kinlochleben-en (Eskozia) eta Limone Skyrace-n (Italia)", gaineratu du Azkorbebeitiak.