Joan zen zapatuan Kantoikrit izeneko proba berezia lehiatu zuten Oñatin. Ohiko bizikletak beharrean, pinoi finkokoak, balaztarik ez dutenak, erabili behar dira, fixed deiturikoak. Ion Sarasua abadiñarrak ez zituen lasterketa horiek ezagutzen eta lagun batek gomendatuta probatu zuen Berrizko belodromoko bizikleta bategaz. Estatu osotik joandako parte hartzaileak (Madril, Xixon…) zeuden arren, onenen parean aritu zen eta hirugarren amaitu zuen.
Luis Junquera eta Enol Costales xixondarrak bakarrik geratu ziren bere aurretik. “Espezialistak ziren eta bihurguneetan aldea ateratzen zidaten. Bihurguneak hartzea oso gatxa da, hankekin bakarrik balaztatu daitekeelako. Nik itzuli batzuk behar izan nituen bizikletara egiteko. Atzetik taldetxo bat gindoazen eta azken aurreko bueltan aldapa batean bakarrik aurrera egitea lortu nuen”, gogoratu du.
Esperientzia berria “asko” gustatu zitzaiola eta aurrerantzean horrelako proba gehiagotan parte hartzeko asmoa duela esan du Sarasuak. Oñatiko proba gauez izan zen (22:00etan) herri barruko zirkuitu batean eta han bizitako “giro itzela” azpimarratu du.
Kantoikrit 2017_race from KANTOIKRIT on Vimeo.