Abadiñoko Udaleko gobernu taldeak azaldu du badirela bost-sei hilabete EAEko erreken egoeraren arduraduna den URA Agentziari gertakariaren berri eman ziotela, baina ez dutela erantzunik jaso.
Jose Luis Navarro Abadiñoko alkateak azaldu duenez, biak ere garestiak diren bi soluzio izan ditzake Mendiolako errepide zati horretako arazoak: hormigoizko horma bat altxatzea, edo portuetan egoten direnen moduko harri-lubeta bat eraikitzea. Alkatearen ustez, azken aukera hori da egokiena, baina, era berean, garestiena ere bada.
200.000 euro inguru
Udalak URA erakundeari aurkeztu dizkio aukera bi horiek, eta Bizkaiko Aldundiko Ingurumen Sailari ere egin dio diru-laguntza eskaera. Izan ere, konponketa egiteko, 200.000 euro inguruko inbertsioa behar litzatekeela aurreikusten du Abadiñoko Udalak. “Karga handiegia da udalarentzat”, dio Jose Luis Navarro alkateak.
Mendiolarako errepide zati horrek konponbiderik barik denbora gehiegi daramala azpimarratu zuen joan zen hileko osoko bilkuran EH Bilduk. “Egia da arazo horren konponbidea gehiegi luzatzen ari dela, eta espero dugu uda osterako soluzioa ematea”, esan du alkateak asteon. “Neguan errekak ur gehiago dakarrenerako konponduta behar luke”, gehitu du