Duela hiru urte San Prudentzio jaien bueltarako sortu zen gazte asanbladak urtez urte indarra hartu du eta gaur Matienako Gazte Asanblako kideek eman duten prentsaurrekoan irailerako Sortzen eguna antolatu dutela jakitera eman dute.
"Gazte asanblada hazi eta hazi ari da eta indartsu gaude. Baina herri gehienetako gazteek euren gaztetxea duten moduan, guk ere gaztetxe baten beharra sumatzen dugu". Hori horrela, iraileko Sortzen egunean autogestiorako pausu bat eman eta egitarau zabal baten bidez Matienako gazteriaren lehen pausua emango dutela jakitera eman dute.
Matienako Gazte Asanbladako kideek egitarau zabala antolatu dute irailaren 23rako. Goizerako Gaztetxea, gazteon ametsa hitzaldia antolatu dute. Bertan, Durangoko, Zaldibarko eta Arrasateko gaztetxeko kideek parte hartuko dute.
Ondoren, bazkari herrikoia egingo dute eta arratsaldean bingo musikala eta karaokea izango dira. Iluntzean, trikipotea egongo da Petite eta Bidarten eskutik eta gauean The Van, Baske Street Boys eta Skakeitan taldeen kontzertua egongo da.
Bestalde, irailaren 22an Gure kabuz ala hil dokumentala eskainiko dute.