Lanoste txokoaren sorrera bizi izan zenuen zuk, Jabier. Nolakoa izan da bilakaera?
Jabier Olaso: Hiru kuadrilla batu, eta lokala erosi genuen. 40 bat bazkide izango ginen hasi ginenok. Lehenengo urteak oso ondo joan ziren. Gauza berria zen, gastuak ere asko, baina adin bateko jendea ere prest zegoen txokoan parte hartzeko. Dirua ere bazegoen. Herriko ekitaldietan ere gehiago parte hartzen zuten txokoek. Itzelak izan ziren lehenengo hamar urteak. Bazegoen hutsune bat, eta hori bete zuen Lanostek.
Aldatu egin dira txokoak?
J. O.: Gauza batek izan du eragina: erosotasunak. Lehen pentsaezina zen aurretik prestatutako janaria ekartzea. Orain oso zabalduta dago. Gazteek ez dute kozinatzeko zera hori. Hor ikusten dut aldaketa handia.
Zer diozu zuk, Joseba?
Joseba Guerrero: Gu sartzen gara kazola artean. Gustatzen zaigu sukaldean ibiltzea. Hala ere, urteetan ibiliak diren beste hauengandik asko dugu oraindik ikasteko. Baina, egia da badagoela joera janaria prestatuta ekartzeko.
J.O.: Egia da kuadrillan betikoak direla sukaldean sartzen direnak. Guk astelehenero egiten dugu bazkaria, eta Fermin Zubero da alma mater-a. Niri ere gustatzen zait, baina denbora behar da.
Duela hiru urte egin zinen zu bazkide, Joseba. Zergatik?
J. G.: Lagunartean afariak egiteko edo familiagaz urtegunak ospatzeko. Neguan, adibidez, asko aprobetxatzen dugu. Gustura eta presarik barik egoteko aukera ematen du. Eguenero elkartzen gara lagunok.
Zer ematen dizu zuri, Jabier?
J. G.: Askatasuna. Lasaitasuna, aisialdirako tartea... lagunarterako tokia da.
Gizonentzako tokia da?
J. O.: Baditugu emakume bazkideak, gutxi badira ere. Tradizioz-edo gizonak izan dira bazkide, orokorrean. Beste era batean elkartu izan dira emakumeak. Baina beti izan dute bazkide egiteko aukera, inoiz ez dugu trabarik jarri. Bazkide diren emakumeak lagunekin etortzen dira.
Nola moldatu zarete arauetara? Adibidez, erretzeari buruzkoa?
J. O.: Gai polemikoa da. Hala ere, txokotik kanpo etorritakoa. Ez dago erabakirik hartuta. Batzuek diote ez dela erre behar, eta beste batzuek ez dagoela debekatuta. Baina, umeak badaude, ez da inoiz erretzen. Ez dut inoiz erre, baina ez naiz debekuaren aldekoa. Biziotxoak asetzeko ere bada txokoa.
J. G.: Hiru urte bete dira orain erretzeari utzi niola. Baina, inork erretzen badu, ez nau molestatzen. Umeak badaude, baina, errespetatu egin behar da.
Bazkide berri bila zabiltzate?
J. O.: Adinean gora goaz asko. Hasierako batzuk ez daude, eta baten batzuek uztea eskatu dute. Gorabeherekin, baina 50 bazkideren bueltan ibili gara beti.Azken urteetan, baina, bazkide berri gutxi ditugu. Horregatik zabaldu dugu deia.
J. G.: Jendea animatu gura dugu, txokoak aukera asko ematen ditu eta. Astelehenero egoten gara han, 19:00etan. 625 700 486 telefonora ere deitu daiteke.